Hauts zuri artean, kalejiran batu dira aurten ere bermeotarrak eguerdi partean. Meza eta urteroko omenaldiaren ostean, jaitsiera egin dute alde zaharretik, Goiko plazatik San Frantzisko enparantzaraino. Festa giroa hasi da kostako herrian, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako lehen egun handia ospatzeko: Arrantzale Eguna.
Mahoiz jantzita atera dira bermeotarrak kalera. Kalejira egin ostean, sorkidxe eta kriela erabili dituztenak omendu dituzte gaurkoan. Artza pilotalekuan egin dute aurten ekitaldia, eguraldiak aginduta. Lameragane txokoak antolatuta, Isabel Uriondo eta Marije Urkidi sorkidxek eta Juan Arenaza eta Ramon Begoña krielak omendu dituzte gaurkoan.
Emakumeei aipamen berezia egin diete, etxean eta etxetik kanpo egindako lana askotan aitortu gabe geratu delako.
Bestalde, oraindik arrantzan dabilen Txomin Bilbao Bilbaori ere omenaldia egin diote gaur. Bermeoko arrantzalerik nagusiena da. 90 urte ditu, eta 78 urte daramatza Bilbaok arrantzari lotuta. Bere seme Jose Ramon Bilbaok ere bertsoa eskaini dio Artza frontoian egindako ekitaldian.
Ohikoa den bezala, 13:30ean jaitsiera egin dute bermeotarrek, Goiko plazatik Taraskaraino. Talko hautsekin blai eginda, festa giroan egin dute kalejira, fanfarreek lagunduta.
Gauean, Laiotz taldearekin dantza egiteko aukera izango dute, 21:30etik aurrera. Eta Jaikide diskofestari hasiera emango diote ostean, 01:30ean, Lameran.
Gainera, txosna gunearen ondoan,
testing probak egiteko aukera eskainiko du Ai Laket! elkarteak, 23:00etatik 02:30era.
Arrantzale Eguneko bideoa
hemen ikusgai.