Ondarroak adinekoek duten balioa begi bistan jarri du, erakusketa baten bidez
Bizkaiko Foru Aldundiaren gizarte azpiegituren menpe dagoen eta IMQ Taldeko Igurco Zerbitzu Soziosanitarioak kudeatzen duen Ondarroako Eguneko Zentroak argazki erakusketa ekarri du zentrora. Erakusketagaz, baloreen transmisioan adinekoek gaur egungo gi...
Erakusketak Izan garelako oraindik ere bagara izenburua dauka, eta gaurtik hilaren 17ra arte egongo da ikusgai. Paneletan argazkiak eta testuak ikusi eta irakurri ahal dira. Testuek argazkietan protagonista diren adinekoen istorio laburrak jasotzen dituzte. Adinez nagusi diren emakume eta gizonezko protagonista horiek itsasoan, baserrietan, meategian, Labe Garai- etan… lan egindakoak dira.
Erakusketa doan ikusi ahal dute herritarrek, barikuetan, zapatuetan eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Informazio paneletan irakurgai dagoen informazioa euskaraz eta gazteleraz dago.
Inaugurazioa, gaur
Erakusketa gaur inauguratuko dute, 12:00etan. Ekitaldi horretan parte hartuko dute Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak, Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak, Santigao Canales Igurco Zerbitzu Soziosanitarioetako zuzendariak eta Sonia Robles IMQ Taldeko gizarte langile eta erakusketaren sustatzaileak.
Gainera, erakusketa osatzen duten eta itsasoko emakumeei aipamena egiten dion panelean hiru emakume ondarrutar dira protagonista. Zehatz esateko, ondoko hiru herritarrak dira panelean agertzen direnak: 82 urteko Maria Concepcion Osa Zubikarai (Miren), 80 urte dituen Maria Trinidad Bengoetxea Burgoa (Trini) eta Maria Mercedes Zarraga Larrañaga (83 urte). Eta hain justu, hiru emakumeak ere inaugurazio ekitaldian egongo direla baieztatu dute; Ondarroako Eguneko Zentroan lan egiten duten langile eta erabiltzaileekin batera egongo dira.
Argazki erakusketa Euskal Herriko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Metro Bilbaok babestuta dago. Eta Metro Bilbaon ikusgai egon den bitartean Moyua eta Indautxuko geltokietan egon dira panelak herritar askok ikusi dutela azaldu dute. «Orain, estreinako, Bizkaiko hiriburutik Ondarroara ekarri dugu».