Ortuberen Lagunak elkarteak jasoko du ikurrina jaien hasieran

Bihar, suziriak amaitu ondoren, Geuk eus kanpainaren baitan hainbat gaztek egin duten 'Miñen puntiegaz' abestiaren bideoklipa aurkeztuko dute txosna guneanGaur abiatuko dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. 21:50ean Xixiliren aurkezpena egin eta al...

Bihar, suziriak amaitu ondoren, Geuk eus kanpainaren baitan hainbat gaztek egin duten ‘Miñen puntiegaz’ abestiaren bideoklipa aurkeztuko dute txosna gunean

Gaur abiatuko dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. 21:50ean Xixiliren aurkezpena egin eta alkatearen pregoia entzun ondoren, Ortuberen Lagunak elkarteko kideak arduratuko dira aurten ikurrina eta Bermeoko bandera jasotzeaz. Bermeoko itsas ondarea berreskuratzeko egiten ari diren «lan gogorra» eskertu gura die.

Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu duenez, «Ortube, %100ean bermeotarra den itsasontzia, berreskuratu beharreko altxorra dela uste dugu, eta lan horretan 25 lagun inguruk parte hartu dute; Bermeoko herria harro dago egiten ari diren lan horregatik».

Beste alde batetik, aurten, jaietako protagonista Xixiligaz batera, herriko gazte batzuek egindako Xixili txiki eta Arraunlaria erraldoi txikiek parte hartuko dute jaien hasieran. Urdaibairen jarraitzaile sutsuak diren erraldoi txiki horiek herriko protagonista garrantzitsu bilakatu dira.

Hamabost musikari

Bihar, beste alde batetik, suziriak amaitu ostean, Geuk eus euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpainaren barruan sortutako Miñen puntiegaz abestiaren bideoklipa aurkeztuko dute txosna gunean.

Abestia Bermeoko musika taldeetako hamabost musikarik egin dute. Honakoek parte hartu dute: Zona Cero, Zartada, Etxekalte, Ozhen, Urgatz, Ttakuntxo, Gatom eta Leire Gotxi.

Jai girorako abestia egin gura izan dutela esan du Urgatz taldeko Asier Renteriak: «Umore puntua eman diogu, bai eta neskatan edo mutiletan egiteko puntua ere, euskaraz bi horiek egiteko modua ere badagoelako».

Maite Alvarez Bermeoko euskara teknikariak euskararen kale erabileraren datuak ekarri ditu gogora, eta gazteak dira Bermeon euskara gutxien erabiltzen dutenak. Dioenez, «sarri euskarari buruz darabilgun diskurtsoa serioegia izaten da, eta zama arintzeko ahalegina egin beharko genuke, egungo gaiak, gai arinagoak edota umorea erabilita».

Hala, herriko talde gazteen eskutik abesti bat egitea «erakargarria eta interesgarria» izango litzatekeela pentsatu zuten; batetik, bermeotar gazte sortzaileen lana ezagutzera emateko, eta, bestetik, euskara bultzatzeko.

Lore Barrena bertsolari bermeotarraren lana ere eskertu gura izan dute, oraingo abestia ezberdina bada ere, lehenengo letra berak egin zuelako.

Euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren ustez, «andramarietako abestia izango da». Herriko tabernetan eta txosna gunean entzungo da.