Berba Truke programa jarriko dute abian aurten ere
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak etorkinei zuzendutako Berba Truke programa eskainiko du beste behin ere.Euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten ...
Euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten pertsonekin harremanetan jartzea bilatzen du programak, horretarako bikote linguistikoak sortu eta berbetan aritzeko aukera emanez.
Hala, etorkinek euskara, gaztelania eta bertoko kultura ezagutzen dituzten bitartean, bertoko herritarrek etorkinen jatorrizko herrien ohitura eta kulturak ezagutzeko baliabideak eskuratzen dituzte.
Bizikidetza sustatu
Era berean, Busturialdean bizi diren hainbat jatorritako auzokideen arteko bizikidetza eta elkar ezagutza sustatzea ere indartu nahi du programak.
Mankomunitateak azaldu duenez, Busturialdean bizi diren 18 urtetik gorako etorkinei zuzenduta dago programa. Hala ere, parte hartzeko euskaraz ala gaztelaniaz oinarrizko elkarrizketa mantentzeko gai izan behar dutela jakinarazi dute. Era berean, euskara edo gaztelania menperatu eta eskualdean bizi diren herritarrei ere dei egiten die Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak programan parte hartzera. Prest egon beharko dute ikasten ari diren ikasleekin geratzeko. Programaren iraupena hamar astekoa izango dela ere zehaztu dute antolatzaileek, eta astean behin geratu behar izango dira bikoteak, ordubete gutxienez.
Helburua hizkuntza batean zein bestean hitz egitea dela kontuan hartuta, inolako titulaziorik ez dela behar argi utzi nahi izan dute Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko arduradunek.
Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko arduradunak programan parte hartzeko interesa dutenak elkarrizketatuko ditu. Hala, jasotako informazioagaz bikoteak osatuko ditu.
Informazio gehiagorako eta izena emateko Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuagaz jarri beharko da hartu-emanetan (Industria, 7, Gernika-Lumo/ 94-465 33 23/inmigracion.ssbusturialdea@bizkaia.org).