Kokotaren bila, hegaran
Urtero modura, Antzar jaiak jendetza bildu du Lekeitioko portu inguruan. 82 potinek parte hartu dute Antzar jokoan, eta Egoitz Murelagak egin ditu kokotagaz altzada gehien.Bost altzadagaz lepoa moztuta, Egoitz Murelagak (Titadine potina) eraman du aurt...
Urtero modura, Antzar jaiak jendetza bildu du Lekeitioko portu inguruan. 82 potinek parte hartu dute Antzar jokoan, eta Egoitz Murelagak egin ditu kokotagaz altzada gehien.
Bost altzadagaz lepoa moztuta, Egoitz Murelagak (Titadine potina) eraman du aurten Lekeitioko Antzar jaiko sari nagusia. Euli-Beltz potineko Antton Bizkarra izan zen atzo altzada gehien egin zituena, baina ez zuen antzarrari lepoa kentzerik lortu, eta, beraz, bigarren saria eraman zuen. Dotoretasuna ere izan zuen kontuan epaimahaiak, eta txaluparik dotoreena Zerdarabixu izan zela erabaki zuten.Antzar Egunari dagokion modura, urdinez jantzi zen atzo Lekeitio. Eguzkia lagun, giro ona izan zen nagusi goizetik hasita. Antzar jaiari hasiera emateko, plazan eta kioskoan elkartu ziren Lekeitioko kuadrillak eta Antzar jaiagaz bat egin nahi izan zuten Lea-Artibai eta inguruetako asko ere.
83 kuadrillak zeukaten antzar jaian parte hartzeko izena emanda, baina zozketan bertan jakitera eman zutenez, batek arazoak izan zituen ontziagaz, eta, beraz, 82 potin abiatu ziren antzarraren kokotaren bila.
0 zenbakiagaz, Isuntza Arraun Elkarteko neskek eman zioten atzo hasiera Antzar jaiari. Antzarraren pareraino arraunean egin zuten neskek, eta Amaia Gorosabelek zapia jarri zion lepoan antzarrari.
Altzada dotoreak ikusteko aukera egon zen atzokoan. Antzartek polimerozko antzarragaz hasi zuten norgehiagoka, izan ere, gero eta gehiago dira Antzartek aukeratzen duten kuadrillak. Aurten 47 kuadrillak aukeratu dute antzar naturala eta 36k Antzartek.
Iaz baino emakume gehiagok ere parte hartu dute. Hala, 20 izan ziren antzarraren lepoari kolpe egin zioten neskak.
Partida bikainak
Portuan Antzar jaia jokatzen zen bitartean, San Antolin Torneoa erabaki zen Santi Brouard frontoian. 18:10 aldera hasi zen Urrutikoetxea-Larunbe eta Elezkano II Rezustaren arteko norgehiagoka. Urrutikoetxeak eta Larunbek 22 eta 16 irabazi zuten. Publikoak gozatu egin zuen partiduagaz.