Egindako lanagaz «harro» daude Alkartasunakoak
Korrontzi musika taldeagaz eta Oinkari dantza taldeko dantzariekin batera agertoki gainean egoteko aukera eduki zuten zapatuan Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariek.Artza frontoi bete jende aurrean, azken hilabeteetan ikasitako teknika eta pauso berria...
Korrontzi musika taldeagaz eta Oinkari dantza taldeko dantzariekin batera agertoki gainean egoteko aukera eduki zuten zapatuan Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariek.
Artza frontoi bete jende aurrean, azken hilabeteetan ikasitako teknika eta pauso berriak erakusteko aukera eduki zuten zapatuan Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariek. Izan ere, Korrontzi musika taldeagaz eta Oinkari dantza taldeko dantzariekin batera agertoki gainean egoteko aukera eduki zuten dantzari bermeotarrek.Bermeotarrak, inguruko herrietako bizilagunak eta Euskal Herriko herri ezberdinetako jendea egon zen Artza frontoian; sarrerak agortu egin ziren. Bi orduko saioa izan zen, eta izugarrizko giroa egon zen bi orduetan. Jasotako txalo zaparradak ere ugariak izan ziren.
Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak «oso pozik» daude zapatuko ikuskizunak izan duen arrakastagatik. Oraindik, «pozik eta emozionatuta» daudela diote, eta egindako lanagaz «harro» sentitzen dira.
Herritarren gustukoa
Ikuskizun berezia zuten prestatuta, eta herritarren gustukoa izan zela uste dute dantza taldekoek: «Herritar askok esan digute asko gustatu zaiela, kalean geratzen gaituzte zoriontzeko».
Dantzariek diotenez, «azken astean urduritasuna zen nagusi taldeko dantzarien artean, probasaioetan ez ziren gauzak ondo ateratzen». Hala ere, zapatuan, agertoki gainera igota, urduritasuna baino emozioak ziren nagusi. «Agertoki gainean pozik egon gura genuen, eta lortu genuen, ezin zelako beste modu batera egon».
Esperientzia «oso polita» izan dela diote. «Beste mota bateko ekitaldia zen guretzat, erronka bat zen. Ikusleek dena eman zuten, eta Korrontzik ere asko eman zuen». Ikuskizunari, gainera, amaiera borobila eman zioten, Bermioko portuan abesten amaitu zuten, ikusleak kantuan jarrita.
Alkartasuna Dantza Taldekoek eskerrak eman gura dizkiete Bermeoko Udalari, Luma liburu dendari eta bertaratu diren guztiei. Era berean, Bermeoko herriaren babesa nabarmendu gura izan dute, ekitaldi guzti-guztietan herritarren babesa izaten dutelako: «Maitatuak sentitzen gara».