San Antolin torneoaren finala jokatuko da gaur, Santi Brouard frontoian

San Antolin torneoa heldu da finalera. Gaur arratsaldean daukate pilotazaleek hitzordua Lekeitioko Santi Brouard frontoian. Elezkano II eta Rezustak osatutako bikotea Urrutikoetxea eta Larunberen aurka ariko dira nor baino nor gehiago 17:00etatik aurre...

San Antolin torneoa heldu da finalera. Gaur arratsaldean daukate pilotazaleek hitzordua Lekeitioko Santi Brouard frontoian. Elezkano II eta Rezustak osatutako bikotea Urrutikoetxea eta Larunberen aurka ariko dira nor baino nor gehiago 17:00etatik aurrera.

Lehen finalaurrekoan, Urrutikoetxeak eta Larunbek 22 eta 18 hartu zuten mendean Aimar Olaizolak eta Jon Ander Albisuk osatutako bikotea.

Bikote bizkaitarra atzetik joan zen markagailuan ia partida osoan, baina Urrutikoetxearen pilotakadek aurkariak «lehertu» zituen. Partidaren azken aldera, 16 eta 18ko markagailua iraultzea lortu zuten.

Bigarren finalerdian, Elezkano eta Rezusta ondo gailendu zitzaizkien Altuna III. eta Merino II.ak osatutako bikoteari. Hasieratik egin ziren partidaren jabe, eta Altunak eta Merinok partidan egindako sarrera txarra ordaindu egin zuten gero.

Gaurko finalean hiru bizkaitar egongo dira frontoian, Elezkano, Urrutikoetxea eta Larunbe, eta adituen arabera neurketak ez dauka faborito argirik. Bi bikoteek edukiko dituzte irabazteko aukerak, eta baliteke aurrelariek edukitzea neurketaren gakoa.