Lander Lartitegi busturiarra izan da nagusi Oier Elorriaga memorialean
Esprintean erabaki da irabazlea. Hamalau txirrindularik lortu dute bakarrik lasterketa amaitzea. Gaizka Ansola markina-xemeindarra izan da hirugarren sailkatuaLander Lartitegi busturiarrak irabazi zuen Oier Elorriagaren oroimenezko txirrindu lasterketa...
Esprintean erabaki da irabazlea. Hamalau txirrindularik lortu dute bakarrik lasterketa amaitzea. Gaizka Ansola markina-xemeindarra izan da hirugarren sailkatua
Lander Lartitegi busturiarrak irabazi zuen Oier Elorriagaren oroimenezko txirrindu lasterketa. Esprintean erabaki zen domeka arratsaldean Lekeitialde Txirrindu Elkarteak antolatutako kadete mailako XVI. memoriala.Basati Bike-Busturia taldeko Lander Lartitegi busturiarra, Ekin Amorebietako Mikel Agirregabiria eta Gaizka Ansola markina-xemeindarra iritsi ziren nor baino nor helmugako marrara, baina busturiarra nagusitu zen. Sailkapenean denbora bera ezarri zioten epaileek: ordubete, 40 minutu eta 22 segundo. Bi segundora sartu ziren Seguros Bilbao taldeko Iñigo Colina eta Gastronomia Vasca Aviako Aingeru Lopez.
46 txirrindularik hartu zuten irteera Lekeition, baina soilik hamalau izan ziren helmugara iritsi zirenak. Taldekakoan, Ekin Amorebieta izan zen irabazlea. Mendiko sailkapenean lehenengoa Iñigo Colina izan zen, eta tarteko helmugena, berriz, Beñat Onaindia. Lea-Artibaiko lehen sailkatua Gaizka Ansola markina-xemeindarra izan zen.
Eskualdeko hurrengo lasterketa irailaren 16an egingo dute, Berriatuan. 35. Aitxe Kutz Saria izango da. Lekeitioko txapeldun Lartitegik irabazi zuen iaz lasterketa hori, eta eskualdeko lehen sailkatua ere Ansola izan zen. Bien bitartean, hurrengo asteburuan Karrantzan arituko dira.
Omenaldia
Lasterketaren amaieran, Amets Txurruka txirrindulari etxebarritarra omendu zuen Lekeitialde Txirrindu Elkarteak. Maiatzean txirrindularitza profesionala utziko zuela jakitera eman zuen Txurrukak. Urtero omentzen dute norbait, eta aurten omenaldia berarentzat izatea erabaki zuten antolatzaileek. Aurreko urteetan, besteak beste, Zilloniz edota Oñederra omendu izan dituzte.
Sari banaketan ere parte hartu zuen Txurrukak, urtero bertaratzen den Oier Elorriagaren amagaz batera.