Kazola hoberena, Landarena
Umore ona eta festarako gogoa izan dira nagusi asteburuan, Lekeition. Ekimenez betetako lehen egunen ondoren, indartsu kolpeko diote lekeitiarrek, gaur, Antzar Egunari.Ekimenez betetako asteburu jendetsu baten ondoren, Antzar Eguna ospatuko dute lekeit...
Umore ona eta festarako gogoa izan dira nagusi asteburuan, Lekeition. Ekimenez betetako lehen egunen ondoren, indartsu kolpeko diote lekeitiarrek, gaur, Antzar Egunari.
Ekimenez betetako asteburu jendetsu baten ondoren, Antzar Eguna ospatuko dute lekeitiarrek gaur. Atzo goizean eman zituzten izenak antzar jaian parte hartzeko, eta gaur arratsaldean abiatuko dira lepo preziatuaren bila.Anteroren jaitsieragaz hasi ziren barikuan sanantolinak. Urtero bezala, plazarako bidea egin zuten kuadrillek mozorrotuta, eta Asiatikoek eraman zuten sari nagusia. Sari bereziak, berriz, Musika Kioskoarentzat eta Buzkantza kuadrillak osatutako Tribuarentzat izan ziren, eta Kittoren saria Euli Beltz kuadrillako torero eta folklorikek eraman zuten.
Aurten 150 urte betetzen dituen herriko bandaren hiru ordezkarik bota zuten jaien hasierako txupina, bi nagusienek eta gazteenak: Geronimo Zapirain eta Anton Santamariak eta Arai Aranzamendik.
Urtero bezala, era askoko ekimenak antolatu dituzte herriko taldeek. Esate baterako, Tiragoma Txapelketa, Txapel Jaurtiketa, Makailau Txapelketa eta tabernen arteko kroketa txapelketa antolatu ditu Aittitta Txikik, eta barazki brotxetak prestatu ditu parkean, Lekitto Bedarrak.
Hiru mailatan jokatu zen tiragoma txapelketa. Gazteen mailan, 14 parte hartzaile aritu ziren, eta irabazlea Aimar Garamendi 14 urteko gaztea izan zen. Berak eraman zuen eskualdeko saria ere. Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, berriz, eskualdez kanpoko maila jokatzera etorri ziren, besteak beste, Bilbo, Barakaldo zein Mungiako tiratzaileak. Azken maila horretan Jesus Iturregik eskuratu zuen txapela.
Eskolapeko balkoietaraino ailegatu ziren arratsaldean txapelak, ikusleen harridurarako. XIV. Txapel Jaurtiketak 50 partaide batu zituen; Imanol Arrizabalaga izan zen garailea (23,28m). Sebastian Losada (22,46m) eta Israel Albizu (21,75m) geratu ziren bigarren eta hirugarren.
Kazola artean
Makailaoa eta paellak izan ziren San Antolin jaietako hirugarren eguneko protagonistak. Aurten, bederatzi izan dira makailau txapelketan parte hartu duten kazolak, eta Gernikara joan zen 9 zatiko kategoriako sari nagusia. Hiru kazolen artean egon zen lehia, eta sari nagusia Yasmina Landak eraman zuen. Sei zatiko kategorian, berriz, WC Komuns kuadrillako Aitor Markes izan zen nagusi.
Bestalde, hamazortzi tabernak hartu zuten parte kroketa txapelketan. Norai eta Serenga tabernaren artean berdinketa egon zen, baina gustuan puntu gehiago lortuta, Norai izan zen irabazlea.
Paella txapelketan 52 taldek parte hartu zuten.