«Kataluniagaz batera borroka egiteko» unea dela aldarrikatu dute
Independentzia Eguna ospatu zuten zapatuan, Bermeon. Goiko Plazan egin zuten ekitaldia, eta kalejira egin zuten ondoren, bertso bazkaria baino lehen. Larrabetzuk hartu du lekukoaLeitzakoei lekukoa hartuta, Independentzia Eguna ospatu zuten zapatuan, Be...
Independentzia Eguna ospatu zuten zapatuan, Bermeon. Goiko Plazan egin zuten ekitaldia, eta kalejira egin zuten ondoren, bertso bazkaria baino lehen. Larrabetzuk hartu du lekukoa
Leitzakoei lekukoa hartuta, Independentzia Eguna ospatu zuten zapatuan, Bermeon. «Balore sinboliko handia» daukan ekitaldi «xumea» egin zuten bermeotarrek Goiko Plazan bilduta.Jai giroan aldarrikatu dute independentzia, kalean. Izan ere, azaldu dutenez, «gizarte zibiletik sortzen dira subirautza, aldaketa, justizia soziala eta askatasun guztiak». Hori horrela, euskal herritarrek ezin diotela subirano izateari uko egin azpimarratu zuten; «eutsi egin behar diogu, gure ametsaren bila joan behar dugu, nork bere neurrian parte hartuta». Hala, eta elkarri eskuak emanda, Euskal Herriak garaipena lortuko duela uste dute independentistek.
Zapatuko ekitaldian katalanak zoriondu zituzten, «momentu oso garrantzitsuak bizitzen ari direlako, eta horietan, burua tente mantentzen dutelako. Madrilgo gobernuaren aurrean, joko zelai berrietan, plaza irekietan, aktore berriekin jokatzen ikasi dutelako». Halaber, gizarte zibilaren «indarra eta determinazioa» agerian jarri dutela deritze. Kataluniak 78ko erregimena hankaz gora jarri duela uste dute.
Gainera, Euskal Herriak hainbatetan Kataluniako esperientziatik ikasi izan duela aitortu zuten. Kultura arloan ere, Eukal Herriak Kataluniaren jokabideak jarraitu izan dituela gogoratu zuten, eta hizkuntzaren aldetik ere, katalanetatik badagoela «zer ikasi» aipatu zuten.
Errepublika aldarrikatu
Era berean, herri batek aurrera egin behar badu, nazio batek aitortua izan nahi badu, ezinbestez, bere estatu propioa behar duela nabarmendu zuten, eta bere errepublika aldarrikatu behar duela. «Horixe da independentzia», azaldu zuten. Katalunia mende berriagaz batera martxan jarri dela, eta «espero baino denbora laburragoan egundoko ibilbidea» egin duen bitartean, Euskal Herria «geldi» dagoela esan zuten. Hala, «Kataluniagaz bat egiteko momentua» dela azpimarratu zuten, Kataluniagaz batera borroka egiteko momentua, euskaldunen borroka delako. «Katalunia eta Euskal Herria bi herri, borroka bakarra: independentzia».
Txalaparta doinuekin hasi zen zapatuko ekitaldia. Besteak beste, udal ordezkariek eta Independentistak Sareak harrera egin zieten Leitzako herritarrei, Busturialdeko independentistei eta Som-Hi talde katalaneko kideei. Ohorezko aurreskua dantzatu zuten, mosaikoa egin eta opariak banatu zituzten. Ekitaldia amaituta eta Kankinkabara txistularien doinuek lagunduta, kalejiran abiatu ziren Lamerarantz eta porturantz. Bertso bazkaria egin zuten ondoren, eta bazkalosteagaz amaitu zuten eguna.
Ekitaldian, Larrabetzuko lagunei pasatu zioten lekukoa; beraz, Bizkaiko herri horretan ospatuko dute hurrengo Independentzia Eguna.