Errekorrak hautsiz nagusitu da Urdaibai Kontxako lehenengo jardunaldian
Bermeoko taldeak Castrok 2006an ezarritako jardunaldi bakarreko marka 6 segundo eta 42 ehunenetan hobetu du. Nesketan alde estua egon da Hibaikaren eta San Juanen arteanBeste behin estropada zirraragarria eginda, historia egin du Urdaibaik. Kontxako Ba...
Bermeoko taldeak Castrok 2006an ezarritako jardunaldi bakarreko marka 6 segundo eta 42 ehunenetan hobetu du. Nesketan alde estua egon da Hibaikaren eta San Juanen artean
Beste behin estropada zirraragarria eginda, historia egin du Urdaibaik. Kontxako Banderan jardunaldi bakarreko errekorra hautsi zuen domeka eguerdian. 18:53.52 marka lortu zuen talde bermeotarrak, 2006. urtetik jardunaldi bakarreko marka zuen Castroren 18:59.94 denbora hobetuz (6 segundo eta 42 ehunen gutxiago).Hala, Hondarribia bigarrenak ere Castrok baino azkarrago burutu zuen herenegungo estropada. Ama Guadalupekoa ontziko mutilek Bou Bizkaia-koek baino 4 segundo eta 28 ehunen gehiago behar izan zituzten lehia amaitzeko.
Era berean, bi jardunaldiak batutako errekorra ere Urdaibairena da. 2014an lortu zuen, 34:04.76 markagaz.
Beste urte batez, bandera irabazteko faborito direnen eta besteen arteko aldea nabarmena ikusi zen herenegun, Donostiako badian.
Egueneko zozketak hala erabakita, aipatu bi taldeekin batera, Tiranek eta Donostiarrak osatu zuten bigarren txanda, eta alde handia egon zen. Galiziarrak bermeotarrengandik 30 segundo eta 42 ehunenera helmugaratu ziren, eta etxeko taldeak irabazleak baino 38 segundo eta 96 ehunen behar izan zituen estropada amaitzeko.
Orio izan zen lehenengo txandako lauren artean azkarrena: 19:03.30. Kaiku sailkatu zen atzetik, 4 segundo eta 34 ehunenera. Zierbena izan zen txandako hirugarrena (19:32.78), eta San Juan azkena; sanjuandarrek oriotarrengandik 28 segundo eta 10 ehunenera bukatu zuten.
Nesketan, Hibaika
Beste alde batetik, emakumezkoen lehian ere ez zen ezusteko handirik egon.
San Juan nagusitu da Kontxan azken urteetan (sailkatze estropadan ere azkarrena izan zen, eta EuskoTren Ligako txapelduna da). Bera da faborito nagusia, baina Hibaikak ere zertarako gai den erakutsi zuen herenegun.
Bigarren txandan, San Juanek ezin izan zuen Hibaikak lehenengo txandan lortutako marka hobetu. 10:36.02 denboran amaitu zuten estropada oreretarrek, eta San Juanek 2 segundo eta 68 ehunen gehiago behar izan zituen.