EH Bildu Gernikak ez du parterik hartuko Wunstorfeko 'Gernika' oroitarriaren inaugurazio ekitaldian
Alemaniako Defentsa Ministerioak eta Wunstorfeko Udalak `Gernika´ oroitarria inauguratzeko ekitaldia egingo dute barikuan Wunstorf herrian (Alemania). Hain justu, Wunstorf eta Neustadt herrien artean dagoen aerodromo militarrean jarriko dute aipatu oroitarria; izan ere, duela 80 urte Gernika bonbardatu zuten Kondor legioko hegazkinak bertatik atera ziren.
Gernika-Lumoko Udala ekitaldira gonbidatu duten arren, EH Bildu Gernikak “bonbardakerta testuingurutik ateratzeko arriskua” ikusten du ekitaldian, alegia, “sarraskia izan zena iraganeko gerra bateko gertakari trsite soil bihurtzeko”. Era berean, Gernikako bonbardaketa “faxismoaren gerra-krimena” dela, eta haren aldeko oroimenak “bakea, askatasuna, antimilitarismoa eta antifaxismoa” aldarrikatzen dituela gogora ekarri du. EH Bilduren arabera, “egia, justizia eta erreparazioan oinarritutako oroimenaren ikurra da Gernika, eta ideia horiek bateraezinak dira iraganari begirada kritikorik gabeko ekitaldi batekin, Gernika eta base militarra bateraezinak diren moduan”.
Halaber, ekitaldi hori herritarrek barik, militarrek antolatu dutela eta bertaratzeko gonbidapen ofiziala beharko dela kritikatu du EH Bilduk.
Hori horrela, eta “Wunstorfeko herriarekiko errespetu osoz”, ekitaldiarekin ez datorrela bat adierazi eta bertan parterik hartuko ez duela iragarri du oposizioak. Hala ere, memoria historikoa berreskuratzeko bidean, bere “laguntasun eta prestutasun osoa” eskaini du.
Bestalde, Gernika-Lumoko Udal Gobernuaren jarrera kritikatu du; “Wunstorfera joateko gonbidapen ofiziala udaletxera aspaldi heldu zela badakigu, baina gobernuak ez dizikigu oraindik bere asmoak konfirmatu. Joatekotan nor joango den erabakita daukatela besterik ez dakigu”. Hala, erabakiak hartu direla eta, guztien arteko hausnarketa eta eztabaidarako aukera gabe utzi dituztela gaineratu du. Izan ere, EH Bilduren ustez, horrelako ekitaldiek “erantzun komuna” behar dute, “Gernika-Lumoko herriaren izenean hartuko den erabakia delako”.