EAJ antzarretan samak mozten

Panis et circenses. Hura asmakizuna. Botereak beti erabili izan du circenses hori herria lozorroan izateko. Circenses hura jai bihurtu zen geroago, eta jai herrikoi gaur egun, herritarretik itxura baino ez duten arren. Herritarrok jaiak bai borroka ere...

Panis et circenses. Hura asmakizuna. Botereak beti erabili izan du circenses hori herria lozorroan izateko. Circenses hura jai bihurtu zen geroago, eta jai herrikoi gaur egun, herritarretik itxura baino ez duten arren. Herritarrok jaiak bai borroka ere bai aldarrikatu genuen zapalketa eguneroko kontua dela oihukatzeko. Botereak, baina, ez du maite, eta behin eta berriz tematu da jaiak jai egiteko direla esaten eta eguneroko injustiziak ahanzteko unea dela azpimarratzen. Jaietan ez dela politikarik egin behar dio, eta ezkutuan uzten du politika ez egitea politika egiteko beste modu bat dela. Lekeition, gogoan daukagu Xenki eta Murgi San Antolin egun batez akabatu zituztela; ez dugu ahaztu guardia zibilek 1975ean egindako pintada «Este año no hay gansos, están todos en Basauri»; eta oraindik min ematen digute grisen 1977ko eta ertzainen 2009ko oldarrek. Ekintza horietako bakar bat ere ez zen izan politika, antza. Politika bazterrak nahasten ibiltzen garen herritarrok baino ez dugu egiten, antza.

Horrexegatik gure herriko EAJk ez du batere gustuko Antzarretan herriko presoen potin birtual bat egotea eta etxean nahi ditugula entzutea. Ez zaio gustatzen, bigarren potin birtual batean, herriko hildako guztiak aipatzea, batekoak zein bestekoak, Kabirekin eta Santirekin batera Iñaki eta Juan esatea zeren lotsa da, ba? behingoz bakea nahi dugula aldarrikatzeko. Barrenak urratzen dizkio Hondarribian Jaizkibel konpainiako andra-gizonak, irailaren zortzian, beste behin irainduko dituztela entzuteak, jakin dakielako nork duen erruaren erantzukizuna gurean, berriz, emakumeak eta gizonezkoak berdin-berdin hartzen dute parte jaian, denona delako. Gustuko ote dute Antero lekittarrak Leokadi ondarrutarra inbitatzea Antzarretara?

Ez dutelako gustuko aritu zen iazko Antzarretan Josu Itza kontzejala bigarren esatariari «tú córtale, tú córtale» esaka 15-16 urtez zeregin horretan aritu den pertsonaren lana eta jarduna eten nahian. Alboan, alkate Koldo Goitia, entzun eta gor, mutu, bere kontzejalari kargu hartu gabe: konforme egoan seinale.

15-16 urte horietan ez dut ia jairik izan, eta lana erruz. Sekula ez naiz ibili zeregin horretan inoren eskerren zain, baina esker txarra ere ez nuen espero.

Antzarrari samia kendu egiten zaio; nirea moztu egin duzue. Baina moztuta ere, jarraituko dut beste nonon nire lana eskaintzen. Zuek, Koldo Goitia eta Josu Itza, adreilu soilak zarete horman. Jo eta eraitsi beharreko hormako adreilu soil.