Auto gidari bat inputatu dute istripu bateko droga proban positibo eman ostean
Gaur 11:30ean gertatu da istripua Gernika-Lumoko Txaporta industrialdean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, auto bateko gidariak bizikleta gainean zihoan 12 urteko mutiko bat harrapatu du. Kolpearen ondorioz, Gernikako ospitalera eraman behar izan dute zauritua.
Ertzaintzak azaldu duenez, txirrindu gaineko mutikoa espaloitik zihoan hasieran, eta errepidea gurutzatu du ondoren. “Oraindik ikertu egin behar da zebrabidetik gurutzatu duen, baina gertu, behintzat, gurutzatu du”, azaldu dute segurtasun sailetik. Errepidea gurutzatzen zegoela kolpatu du autoak.
Udaltzaingoa bertaratu da ezbeharraren tokira, eta Ertzaintza ondoren. Hala, auto gidariari alkohol proba egin diote eta negatibo eman du. Hala ere, droga proban positibo eman, eta inputatu egin dute “zirkulazio-segurtasunaren kontrako delitua” egotzita.
Ertzaintzak ikerketa abiarazi du gertatutakoa argitzeko.