Bermeoko Udalak zenbait zerbitzu aldatuko ditu Andra Mari eta Santa Eufemia jaiengatik
Irailaren 7tik 16ra bitartean, herriko jai nagusiak ospatuko dituzte bermeotarrek. Hala, herritarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaietaz «bete-betean» goza dezaten, Bermeoko Udalak, urtero egin modura, aldaketak egin behar izan ditu zenbait zerbitzutan. Besteren artean, zirkulazioan eta sastar batze zerbitzuan egingo dituzte aldaketak. Horrez gain, garbiketa zerbitzuak indartuko dituzte, herria «ahalik eta garbien» mantentzeko.
Benito Ibarrolaza alkateordeak eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotziak eta Iñigo Gonzalez zerbitzuetako teknikariak eman dituzte aldaketen berri prentsaurreko batean. Ibarrolazaren arabera, «hartutako neurriek egun berezi hauetan trafikoa bideratzea eta herria ahalik eta garbien mantentzea ahalbideratuko dute».
Jai eremuan oinezkoei lehentasuna eman gura diete. Horregatik, Artzatik Portura joateko errepidea irailaren 19ra arte autoentzat itxita dago. Zama lanak egin ahalko dira egunero, 08:00etatik 12:00etara. Alde Zaharrean, bestalde, Arostegi kaletik liburutegira doan kalea zarratu egingo dute jai egunetan. Beraz, Intxausti kaletik izango da Alde Zaharrerako sarrera eta Nardiz tar Jonetik irteera.
Jaietako egitarauaren baitako zenbait ekintza egin ahal izateko, bestalde, zirkulazioa saihesbidetik bideratuko dutela azaldu du Ibarrolazak, esaterako, danborradak daudenean. Era berean, Santa Eufemia egunean, 10:00etatik 15:00etara, ibilgailuentzat itxita egongo da Artzako biribilgunetik Fielato enparantzaraino doan zeharbidea.
Autoa «ahalik eta gutxien» erabiltzea eskatu du Ibarrolazak; hala ere, zenbait aparkaleku ahalbidetuko dituzte: Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko industriagunean, Ander Deunan eta Matxikorta kaian. Udal azokako aparkalekuaren ordutegia ere zabalagoa izango da.
Aldaketak geralekuetan. Bizkaibusaren geralekua Santamañe kalean egongo da Bilbora Gernika-Lumotik doan Bizkaibusentzat, eta Zubiaur Tar Kepa kalean, berriz, Sollubetik Bilbora eta Bakiora doazen autobusentzat, irailaren 18ra bitartean. Taxiak, berriz, Kasino ondoan egongo dira. Bermibusak irailaren 7, 11, 12, 13, 14 eta 15ean eskainiko du zerbitzua eta Lamerako geltokia Santamañe kalera aldatuko da.
Sastar batze zerbitzuan ere aldaketak egongo dira. Irailaren 7tik 16ra, 14:00etatik aurrera eskainiko da zerbitzua eta 9an ez da sastar batzerik egongo.
Garbiketa zerbitzua, bestalde, indartu egingo da jaietan. Udaleko zerbitzuetako langileen errefortzuaz gain, ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago egongo da jai egunetan.
Urtero legez, gainera, prentsaurrekoan eskatu dute talko hautsik ez botatzeko.
Barraken prezioa aurten merkeagoa dela esan du Ibarrolazak; martxan daude irailaren 17ra arte, eta irailaren 12an eta 17an prezio merkeagoak edukiko dituzte.
Saltzaile ibiltariak Erretenen kokatuko dituzte, eta sei egongo direla azaldu du.
Bermeoko Udalak Portu Zuzendaritzak adierazitakoarekin bat egiten du eta olatu horma eta blokeen ingurua «ez dela jolasteko gune bat» gogoratu gura dute. Hortaz, blokeen aldean ez ibiltzea eskatu du, istripuak saihestu aldera.