Korrontzi musika taldeagaz eta Oinkari dantza taldeko dantzariekin batera agertoki gainean egon ziren zapatu gauean Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak. Artza frontoi bete jende aurrean azken hileetan ikasitako teknika eta pauso berriak erakusteko aukera eduki zuten dantzari bermeotarrek.
Bermeotarrak, inguruko herrietako bizilagunak eta Euskal Herriko herri ezberdinetako jendea egon zen Artza frontoian; sarrerak agortu egin ziren. Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak “oso pozik” daude zapatuko ikuskizunak izan duen arrakastagatik.
Ikuskizun berezia zeukaten prestatuta, eta herritarren gustukoa izan zela uste dute dantza taldekoek: “herritar askok esan digute asko gustatu zaiela, kalean geratzen gaituzte”. Dantzariek diotenez, “azken astean urduritasuna zen nagusi taldeko dantzarien artean, probasaioetan ez ziren gauzak ondo ateratzen”. Hala ere, zapatuan, urduritasuna baino emozioak ziren nagusi. “Agertoki gainean pozik egon gura genuen, eta lortu genuen, ezin zelako beste modu batera egon”, azaldu dute.
Esperientzia “oso polita” izan dela diote. “Beste mota bateko ekitaldia zen guretzako, erronka bat zen. Bertaratutakoek dena eman zuten eta Korrontzik ere asko eman zuen”. Ikuskizunari, gainera, amaiera borobila eman zioten,
Bermioko portuan abesten amaitu zuten, ikusleak kantuan jarrita.
Alkartasuna Dantza Taldekoek eskerrak eman gura dizkiete Bermeoko Udalari, Luma liburu dendari eta bertaratu diren guztiei. Era berean, Bermeoko herriaren babesa nabarmendu gura izan dute, “ekitaldi guzti-guztietan herritarren babesa izaten dugulako, maitatuak sentitzen gara”.