Leitzakoei lekukoa hartuta, Independentzia Eguna ospatu dute gaur eguerdian Bermeon.”Balore sinboliko handia” daukan ekitaldi “xumea” egin dute bermeotarrek Goiko plazan bilduta. Jai giroan aldarrikatu dute Independentzia, kalean. Izan ere, azaldu dutenez, “gizarte zibiletik sortzen da subirautza, aldaketa, justizia soziala eta askatasun guztiak”. Hori horrela, euskal herritarrek ezin diotela subirano izateari uko egin azpimarratu dute; “eutsi egin behar diogu, gure ametsaren bila joan behar dugu, nork bere neurrian parte hartuta”. Hala, eta elkarri eskuak emanda, Euskal Herriak garaipena lortuko duela uste baitute independentistek.
Gaurko ekitaldian, katalanak zoriondu dituzte, “momentu oso garrantzitsuak bizitzen ari direlako, eta horietan, burua tente mantentzen dutelako. Madrilgo gobernuaren aurrean, joko zelai berrietan, plaza irekietan, aktore berriekin jokatzen ikasi dutelako”. Halaber, gizarte zibilaren “indarra eta determinazioa” agerian jarri dute deritze. Kataluniak 78ko erregimena hankaz gora jarri duela uste dute.
HalabGainera, Euskal Herriak hainbatetan Kataluniako esperientziatik ikasi izan duela aitortu dute. Kultura arloan ere, Eukal Herriak Kataluniaren jokabideak jarraitu izan dituela gogoratu dute, eta hizkuntzaren aldetik ere katalanetatik badagoela “zer ikasi” aipatu dute.
Era berean, herri batek aurrera egin behar badu, nazio batek aitortua izan nahi badu, ezinbestez, bere estatu propioa behar duela nabarmendu dute, eta bere errepublika aldarrikatu behar duela. “Horixe da independentzia”, azaldu dute. Katalunia mende barriagaz batera martxan jarri dela eta “espero baino denbora laburragoan egundoko ibilbidea” egin duen bitartean, Euskal Herria “geldi” dagoela esan dute. Hala, “Kataluniagaz bat egiteko momentua” dela azpimarratu dute; “Kataluniagaz batera borroka egiteko momentua, gure borroka delako”.
“Katalunia eta Euskal Herria bi herri, borroka bakarra: independentzia”.
Gaur 12:00etan hasi da ekitaldia, txalaparta doinuekin. Besteak beste, udal ordezkariek eta Independentistak Sareak harrera egin diete Leitzako herritarrei, Busturialdeko independentistei eta Som-Hi talde katalaneko kideei. Ohorezko aurreskua dantzatu dute, mosaikoa egin eta opariak banatu. Ekitaldia amaituta eta Kankinkabara txistularien doinuek lagunduta, kalejiran abiatu dira Lamerarantz eta porturantz. Bertso bazkaria egin dute ondoren, eta bazkalosteagaz amaitu dute eguna.
Ekitaldian, Larrabetzuko lagunei pasatu diote lekukoa; beraz, Bizkaiko herri horretakoak izango dira hurrengo Independentzia Eguna ospatuko dutenak.