600 igerileri baino gehiago batu ditu Salome Campos itsas zeharkaldiak. Hiru modalitatetan lehiatu dira parte hartzaileak: 5.000 metrokoan, 1.500 metrokoan eta umeen 500 metrokoan.
Iazko denbora hobetuta –orduebete eta 45 segundo behar izan zituen iaz–, Jon Mujika bergararrak irabazi du, beste behin, Salome Campos itsas zeharkaldia. Bermeoko portuko eta Izaro irlara arteko joan-etorria egiteko, ordu bete eta 11 segundo behar izan ditu gipuzkoarrak. Hala, senior mailako saria zein lasterketako gizonezko irabazlearena eraman ditu etxera.
Emakumezkoetan, aldiz, Nerea Murua zarauztarra gailendu da. Portutik Izaroraino joan eta buelta egiteko, ordubete, lau minutu eta 32 segundo behar izan ditu. Denbora horri esker, emakumeen artean, Master Plus kategorian zein sailkapen orokorrean nagusitu da.
Gizonezkoen kategoria nagusian, Haigor Aranguren donostiarrak eta Nikolas Illarramendi zarauztarrak egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Ordubete, 2 minutu eta 50 segundo behar izan ditu, hain zuzen ere, bigarren sailkatuak, eta ordubete, 3 minutu eta 6 segundo, berriz, hirugarrenak.
Emakumezkoen artean, ostera, Leire Zeziagak egin du bigarren, orduebete, 5 minutu eta 40 segundoko denbora markatuz, eta Lara Bicandi sailkatu da hirugarren, orduebete, 7 minutu eta 7 segundoko denbora eginda.
Nagusien kategorian, gizonezkoetan, Joseba Arruzak jaso du bermeotarren arteko lehen saria. Sailkapen orokorrean 30. postua eskuratu du, eta isas zeharkaldia burutzeko, ordubete, 20 minutu eta 47 segundo behar izan ditu.
1.500 metroko distantzian, ia 200 igerilari
Horiek guztiek eta gainontzeko kategoria nagusiko parte hartzaileek 5.000 metro egin behar izan dituzte igerian, baina izan dira distantzia laburragoan aritu diren beste hainbat igerilari ere. 1.500 metroko distantzian, 67 bat lagun uretaratu dira nesketan, eta 120 bat, aldiz, mutiletan.
Hain zuzen, Irungo Ander Arruabarrena nagusitu da, aurten ere, mutilen kategoria horretan. Senior mailan garaipena jaso duen gipuzkoarrak 19 minutu eta 22 segundotan burutu du proba. Iaz baino segundo bi gutxiago behar izan ditu proba gainditzeko. Ander Igiñiz eta Raul Ilarraza sailkatu dira bigarren eta hirugarren, irabazlearekiko lau segundo eta 16 segundoko aldeagaz, hurrenez hurren. Mutiletan, lehen bermeotarra Aimar De Balenciaga izan da. Sailkapen orokorreko 21. postuan sailkatu denak 24 minutu eta 13 segundoko denbora egin du.
Emakumeetan, berriz, Logroñoko Alba Romerok irabazi du, gipuzkoarrak baino 10 segundo gehiago eginda. Errioxako neskak senior mailako irabazlearen saria ere jaso du. Iaz, nesketan, Maialen Saezek irabazi zuen, eta 21 minutu eta 20 segundoko marka egin zuen. Bigarren Adriana Campoyk egin du, eta hirugarren, aldiz, Leire Ochoa de Eribek. 20 minutu eta 57 segundoko denbora egin du bigarrenak, eta segundo bat beranduago helmugaratu da, aldiz, hirugarrena. Nesketan, lehen bermeotarra, bestalde, Leire Begoña izan da. Sailkapen orokorrean bederatzigarren postua eskuratu du eta 24 minutu eta 15 segundoko marka egin du.
Umeen parte hartzea
Umeek ere parte hartu dute, beste urte batez, Salome Campos itsas zeharkaldian, 500 metroko distantzia eginez. Sailkapen orokorrari dagokionez, berriz, Leire Martinek eta Oier Fernandezek lortu dute garaipena. Nesketan, Ainhoa Martin izan da azpitxapelduna eta Garazi Bengoetxea, berriz, hirugarren sailkatua. Mutiletan, Javier Valbuenak egin du bigarren eta Kerman De la Fuentek hirugarren. Bermeotar azkarrenak, bestalde, Irati Magunagoitia eta Iker Ugalde izan dira.
Irabazleek, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, beren pisua jaso dute Campos kontserbako Hegaluzetan.
Aipatu saridunekin batera, kategoria guztietako irabazleak ere saritu dituzte, emakume zein gizonezkoetan. Sari banaketan, gainera, Herri Babeseko boluntario izan diren Jon Ojanguren eta Mikel Bilbao omendu dituzte, «40 urtean herriaren alde egindako lanagatik eta Salome Campos itsas zeharkaldian, bere hasieratik eskainitako laguntzagatik».