Lea-Artibai taldeak ez du domekarako txartelik lortu
Euskotren Ligako irabazleak ez du hutsik egin Kontxako sailkatze estropadan. San Juan izan zen atzo hamabi taldeetan azkarrena. 11:09:68 denbora markatu zuten sanjuandarrek (Hibaika iazko sailkatze probako azkarrenak 11:22.02 marka egin zuen).Hibaika e...
Hibaika eta Mecos bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, Hibaika izan zen sailkatze estropadari hasiera eman zion taldea, eta 11:14.20 denboran burutu zuten erlokuaren kontrakoa.
Mecos galiziarra, ostera, San Juanengandik 10 segundo eta 50 ehunenera sailkatu zen.
Hamabi talde eta zazpi txartel zeuden jokoan. Faboritoek ez zuten hutsik egin, eta San Juan, Hibaika eta Mecosegaz batera, Orio, Arraun Lagunak, Hernani eta Deustu taldeek lortu zuten hurrengo bi asteburuetan Kontxako X. Bandera lehiatzeko txartela.
Deustuk eman zuen ezustekoa; talde bizkaitarraren eta Cabo galiziarraren artean segundo bat baino gutxiagoko aldea egon zen.
Bestalde, Lea-Artibai taldeak lehenengoz lehiatu du aurten sailkatze estropada. Zozketak hala erabakita, bederatzigarren atera zen Lea-Artibai trainerua. Lekeitioko eta Ondarroako neskek 12:48.36 denboran amaitu zuten erlojuaren kontrakoa; estropada irabazlearengandik minutu 1, 38 segundo eta 68 ehunenera sailkatu zen Lea-Artibaiko taldea.
Castreña, lehiatik kanpo
Hala ere, eguneko ezusteko nagusia estropada aurretik gertatu zen. Izan ere, emakumezkoetan hamahiru taldek lehiatu behar zuten erlokuaren kontrakoa, baina bi arraunlari gaixotu ostean, Castreña talde kantabriarrak ezin izan zuen sailkatze estropada jokatu.