Artisten bozgorailuari omen
Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, 'Xabier Saenz de Gorbea In memoriam' erakusketa dago ikusgai, Euskal Herria Museoan, 2018ko urtarrilera arte.Gernika bakarra da, baina hamaika dira berau irudikatzeko moduak, berau ulertzeko moduak, i...
Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, ‘Xabier Saenz de Gorbea In memoriam’ erakusketa dago ikusgai, Euskal Herria Museoan, 2018ko urtarrilera arte.
Gernika bakarra da, baina hamaika dira berau irudikatzeko moduak, berau ulertzeko moduak, ikusteko, sentitzeko, marrazteko, bizitzeko… moduak.Gernikak badu oraina, eta baita etorkizun bat ere. Badu iragana; duela 80 urte markatu zuten iragana. Iragan latza bezain ahaztezina. Askok bizi behar izan zutena, eta horien guztien oroimenean geratu dena.
Eta oroitzeko ere balio dute obrek. Aski ezaguna da Pablo Picassoren Gernika. Baina badira bestelako Gernikak: Remigio Mendibururen Gernikak; Nestor Basterretxearen Gernikak; Jorge Oteizaren Gernikak; Ramon Carreroren Gernikak; Carmelo Ortiz de Elgearen Gernikak; Azken Gernikak; Aranoa eta Guezalaren Gernikak, Eresoinka kasua; Bartzelonako Gernikak. Saenz de Gorbea komisario izandako eta hark ikertutako zortzi Gernikak.
Euskal kulturaren erreferente izan zen Xabier Saenz de Gorbea (Getxo, 1951-Bilbo, 2015), eta Gure Artea 2012 sariaren irabazle. Euskal lurraldearekiko ez ezik, Gernikarekiko ere harreman estua zeukan. Eta arteagatik eta herriagatik sentitzen zuen maitasuna Euskal Herria Museoagaz hamasei urtetan izandako harremanean islatu zuen. Gernikako bonbardaketa ezagutzera emateko «lan aparta» egin zuen, artista eta gertaera artistikoen bozgorailu bilakatuz.
Museoaren maisu eta lagun
Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, «euskal artearekiko pasioa zeukan, eta ezagutza, kritika, didaktika eta zabalkundea eskaini zizkion». Hala, museoak bere «maisu eta laguna» omendu nahi izan du, 80. urteurrena aprobetxatuta. Izan ere, «gutxi izan dira Gernikagaz hainbeste konprometitu direnak».
Hori horrela, museoarentzat sortu zituen erakusketak laburbildu eta haren omenezko erakusketa jarri dute, artistaren jakintzaren zati bat bildurik. Bertan, proiektuagaz bat egin duten lagun eta artisten ekarpenak batu dituzte, bai eta udalerriari, bonbardaketari eta museoari buruz kazetari legez plazaratu zuen produkzioa ere. Halaber, egindako lanaren testigantza grafiko batzuk ere jaso dituzte DVD batean.