Abuztuan 271 tona hegaluze lehorreratu dituzte Ondarroako kaian
Arrantzaleak kexu dira, pelagiko frantses eta irlandarrek geroz eta eragin negatibo handiagoa dutelako. Europar Batzordeari babesa eskatu diote euskal arrantzaleek egoera zuzentzekoAtzo goizaldean deskargatu zituzten azken aleak Ondarroako Ongi Etorri ...
Arrantzaleak kexu dira, pelagiko frantses eta irlandarrek geroz eta eragin negatibo handiagoa dutelako. Europar Batzordeari babesa eskatu diote euskal arrantzaleek egoera zuzentzeko
Atzo goizaldean deskargatu zituzten azken aleak Ondarroako Ongi Etorri eta Lekeitioko Kalamua ontziek. Hegaluzeaz gain, 6.057 kilo hegalabur ere saldu dituzte Kalare Deuna kofradian iragan hilabetean.Zehatz esanda, 271.499 izan dira porturatu diren hegaluze kiloak. Horietatik 169.783 kilo tamaina ertaineko hegaluzearenak izan dira, eta, bataz beste, 3,80 euroko prezioa egin du Kalare Deuna arrantzaleen kofradian. Tamaina handiko 34.877 kilo eta txikiko 66.859 kilo ere lehorreratu dira, eta hurrenez hurren, 4,95 euroko eta 2,70 euroko bataz besteko prezioa egin dute. Hegalaburra, berriz, 6,11 euroko prezioan saldu da, bataz beste.
Baina arrantzaleak kexu dira, pelagiko frantses eta irlandarrek geroz eta eragin negatibo handiagoa dutelako euskal ontzien zereginetan. Arrantzaleen esanetan, ontzi horiek Bizkaiko eta Gipuzkoako txalupak jarraitzen dituzte arrantza-lekuetaraino, eta bertara iristean euren sare handiekin hegaluzeen gehiengoagaz jabetzen dira. Esate baterako, duela bi aste, euskal ontziak Galiziatik bi miliatara zebiltzan arrantzan, eta patroiek ekialderantz joatea erabaki zuten, gehiago arrantzatuko zutelakoan. Baina, beste behin, ontzi frantsesek eta irlandarrek mugimendu hori ikusi eta beraiei jarraitzeari ekin zieten.
Euskal arrantzaleek Europar Batzordearen babesa eskatu dute, ontzi horiek beharrezkoa ez duten hegaluzea ere arrantzatzen dutelako, ez baitute banan-banako arrantza hautatua egiten. Horregatik, hildako arrain tona asko botatzen dituzte berriz itsasora, sarean jasotako askok ez baitu balio izaten, arrazoi ezberdinengatik.
Euskal arrantzaleen esanetan, pelagiko frantses eta irlandarrek ez dute betetzen Europar Batasunak ezarritako soberakinen muga, hau da, arrantzatzen duten kopuruaren %6 baino askoz gehiago botatzen dutela berriz uretara, hegaluzearen kanpainan gehienbat. Soberakin horietako batzuk izurdeak dira, esaterako. Arrantzale batzuk ikuskatzaileak ontzietan joatearen alde agertu dira, arazoari irtenbidea eman ahal izateko ezinbestekotzat jotzen baitute erakundeen kontrola.
Euskal portuetan 2.500 tona lehorreratu dituzte gutxi gorabehera, baina oraindik urrun daude iaz porturatutako 6.207 tonak edo 2015eko 5.114 tonak. Kantauri itsasoko ontziek guztira 8.000 tona porturatu dituzte hegaluze kanpaina hasi zenetik.
Beste batzuk
Abuztuan, baina, beste arrain espezie batzuk ere lehorreratu dituzte Kalare Deuna arrantzaleen kofradian: 293.170 kilo betandi, 1.600 kilo boba, 61.502 kilo kaela, 11.307 kilo haginzorrotz, 76.540 kilo txitxarro zuri eta 27.753 kilo txitxarro beltz.