'Obabakoak' estreinatuko dute urrian Arriagan, Ainhoa Etxebarriagaz
Calixto Bieitok zuzenduko du obra, eta ondarrutarragaz batera beste hamar euskal aktore ariko dira. Euskaraz estreinatuko dute lehenengo, eta gazteleraz ondorenUrriaren 19an estreinatuko dute Obabakoak obra Bilboko Arriaga antzokian. Calixto Bieito Arr...
Calixto Bieitok zuzenduko du obra, eta ondarrutarragaz batera beste hamar euskal aktore ariko dira. Euskaraz estreinatuko dute lehenengo, eta gazteleraz ondoren
Urriaren 19an estreinatuko dute Obabakoak obra Bilboko Arriaga antzokian. Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendariaren gidaritzapean, 11 euskal aktorek parte hartuko dute obran, eta tartean dago Ainhoa Etxebarria ondarrutarra.Casting zabala egin zutela eta hara aurkeztu zela azaldu du Etxebarriak. «Asko izan ginen casting-era aurkeztu ginenak. Baina casting-a egin genuen jakin barik zer antzezlanerako zen». Eta hara non, Etxebarria Arriaga antzokiak ekoizten duen Obabakoak obrarako aukeratu zutela. «Gero beste aktore batzuk aukeratu zituzten Los cuartitos del Arriaga izenburupean egiten diren beste lan batzuetan parte hartzeko».
Katalunian ere ikusgai
Hasiera batean euskaraz estreinatuko dute, urriaren 19tik 21era bitartean. Azaroan, ostera, gazteleraz estreinatuko dute (azaroak 23-26). «Dena dela, urrian euskaraz estreinatu eta gero, jarraian Bartzelonara joango gara. Han Lliure antzokian ariko gara». Behin Bartzelonan antzeztu eta gero, Gironara eta beste hainbat hiritara ere joango dira. «Europa mailan ere bira egingo dugu».
Azken egunetan entsegatzen ibili direla dio Etxebarriak. «Agertokian bertan irakurketa egiten aritu gara, eta aktore guztioi iruditu zaigu oso azkar goazela. Dena segituan doa itxura hartzen, eta pozik gaude». Aktoreen artean ere giro ona dela nagusi esan du. «Sekulako giro ona daukagu».
Fantasiazko mundu bat
Obra bera oso ikusgarria izango dela aurreratu du Etxebarriak. «Proiekzioekin lagunduta, fantasiazko mundu batean barneratzeko aukera ematen du obrak». Ondarrutarrak berak agertu duenez, Bieito zuzendariaren berbetan, «ikutu beltza eta zirraragarria duen mundua da Obaba». Eta horixe bera da ikusleak Arriagako agertokian ikusi ahalko duena.
Oraindik entseguetan murgilduta badaude ere, talde osoa ilusioz eta gogotsu ari da lanean.
1988an argitaratu zuen Bernardo Atxagak Obabakoak liburua. Azken hamarkadetan gehi- en saritu den euskal eleberria izan da, eta, besteak beste, Espainiako Narrazio Saria jaso eta hogei hizkuntzatara itzuli zuten.
2006an, ostera, filma estreinatu zen, Montxo Armendarizen zuzendaritzapean.
Orain, liburua argitaratu eta 11 urte beranduago, antzerkira egokituta ikusi ahalko da Obabakoak.