Magreb eskualdeari lotutako jarduerak egingo dituzte

Beste hainbat herritan egin legez, bihartik hasita, Ipuinmundu: Magrebeko hotsak programa gauzatuko dute Gernika-Lumoko Bakearen Museoan, bertako Hezkuntza Arloak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoak antolatutako udalekuetan. Hala, parte hart...

Beste hainbat herritan egin legez, bihartik hasita, Ipuinmundu: Magrebeko hotsak programa gauzatuko dute Gernika-Lumoko Bakearen Museoan, bertako Hezkuntza Arloak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoak antolatutako udalekuetan. Hala, parte hartzen dutenek Magreb eskualdeari (Afrika) lotutako jarduerak izango dituzte aukeran.

4 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo dira bihar eta irailaren 4an, 5ean eta 6an egingo dituzten ekintzak. Egun horietan parte hartzaileek «beraien ikuspegia beste errealitate batzuetara zabaltzeko aukera» edukiko dute, jolasen bitartez. Museoak azaldu duenez, parte hartzen duten umeek «ondo pasatzea» dute helburu, eta horrez gain, ume horiek «errespetuan, elkarbizitzan eta kulturartekotasunanean heztea».

Hainbat jarduera

Magrebeko ipuinak ardatz hartuta igaroko dituzte egun horiek 4 eta 10 urte bitarteko umeek Gernika-Lumoko Bakearen Museoan. 10:00etan elkartuko dira, eta 13:30ak bitartean hainbat ekimen egingo dituzte, bertako herrialdeak, ohiturak eta kulturak ezagutzekotan.

Hala nola, Magrebeko ipuinak antzezlana ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek, eta hennazko tatuajeak egin ahal izango dituzte. Halaber, kuskusa prestatuko dute, eta eskulanen azoka bat ere antolatuko dute. Horrez gain, mozorro tailerra, istorio bitxiak entzuteko aukera, ginkana, photocall-a eta dantzak izango dira aukeran, besteak beste.

Museoko arduradunek jakitera eman dute doakoak izango direla egun horietan gauzatuko dituzten ekintzak, eta euskaraz egingo direla.

Informazio gehiago nahi duenak museoagaz hartu-emanetan jarri beharko du: hezkuntza.museoa@gernika-lumo.net helbidera mezua bidali ahalko da, edota nahiago izanez gero, hango telefono zenbakira deitu: 94-627 02 13.