Aldundiak laguntzak emango ditu kultur ondarea birgaitzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak kultur ondarea birgaitzeko diru laguntzak emango ditu. Hain zuzen, Euskara eta Kultura Sailak diru laguntzen oinarri arautzaileak onetsi berri ditu, 2018. urtean herrialdeko kultur ondare higiezina birgaitzeko.Ondare arkitektoni...

Bizkaiko Foru Aldundiak kultur ondarea birgaitzeko diru laguntzak emango ditu. Hain zuzen, Euskara eta Kultura Sailak diru laguntzen oinarri arautzaileak onetsi berri ditu, 2018. urtean herrialdeko kultur ondare higiezina birgaitzeko.

Ondare arkitektonikoa eraberritzen laguntzeko konpromisoaren baitan, 300.000 euroko diru partida bideratu du aldundiak. Laguntzak, baina, higiezinetan kontserbazio, finkatze, birgaitze edo zaharberritze lanak egiteko badira emango ditu.

Diru laguntzen helburua Bizkaiko kultur ondare higiezinean hobekuntzak egitea dela zehaztu dute. Euskara eta Kultura Sailak azaldu duenez, dekretu horrek bere baitan hartzen ditu arautegi juridikoak babestu ez duen interes kulturaleko ondare higiezina; beti ere, balioztatu eta jasota gelditu bada Euskal Kultur Ondarearen Zentroko artxiboetan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren inbentarioan.

Ekintzak osatzeko

Diru laguntzen partidarako dekretua onartzean, beste helburu bat ere eduki du aldundiak; hain zuzen ere, pertsona eskatzaileen ekintzak babestea eta osatzea. Horregatik, Euskara eta Kultura Sailak azaldu du ez dituztela finantzatuko jarduera egiteagatik sortutako gastu guztiak.

Eskabideak egiteko epea

Diru laguntzen eskabideak aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko bulegoetan aurkeztu beharko dira (Maria Diaz de Haro kalea, 11, Bilbo). Eskura aurkeztu ezin duenak, berriz, http://www.bizkaia.eus/kulturadirulaguntzak web orrialdea erabilita ere egin ahal izango du. Eskabideak aurkezteko epea 2017ko urriaren 2tik azaroaren 17ra arte egongo da irekita.

Diru laguntzen eskatzaileek 2018. urtean egin beharko dute laguntzaren xede den esku hartzea.