Urteroko bisita egin du udalbatzak Gaztelugatxera

San Juan Degoiladu eguna izan zen atzo, eta urtero legez, Bermeoko Udalbatza Gaztelugatxeko San Juanera joan zen, uhartexka Bermeorena dela zehazten duen agiria sinatzeko.Tradizioz betetako eguna da San Juan Degoiladu bermeotarrentzat. Lehenik eta behi...

San Juan Degoiladu eguna izan zen atzo, eta urtero legez, Bermeoko Udalbatza Gaztelugatxeko San Juanera joan zen, uhartexka Bermeorena dela zehazten duen agiria sinatzeko.

Tradizioz betetako eguna da San Juan Degoiladu bermeotarrentzat. Lehenik eta behin, Goiko Plazatik hasita, Bermeoko Udalbatzak kalejira egiten du txistularien laguntzagaz. Sanjuanportalen amaitzen da kalejira, eta handik Gaztelugatxeko San Juanera joaten dira. Hala egin zuten atzokoan ere.

Urtero modura, udalbatzaren zain egon zen Gaztelugatxe gainean Arane-Gibelortzaga auzoko auzo alkatea, ongietorria emateko eta Bermeoko alkateari auzoko makila emateko.

Kanpaia hiru aldiz

Bermeoko Udalaren presentzia adierazteko, bestalde, ikurrinaren ondoan jaso zuten udaleko bandera, eta jarraian, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek baselizako kanpaia jo zuen hiru aldiz.

Udal banderaren eta ikurrinaren ondoan, Bermeoko bandera ere altxatu zuen alkateak hurrengo esaldia zioen bitartean: «Hau izan da eta izango da bermeotarron altxorra. Gora Bermeo!». Ondoren, udaleko idazkariak Gaztelugatxera egindako bisitaren akta egin zuen, eta alkateak, auzo alkateak, zinegotziek eta idazkariak sinatu zuten.