Untxia eta sagardoa dastatzeko aukera izango da zapatuko azoka berezian
Aurreko urteetan legez, iraileko lehen zapatuan untxia eta Bizkaiko sagardoa izango dira protagonista Gernika-Lumoko merkatu plazan. Izan ere, goizetik eguerdira bitartean, azoka berezia egingo dute bertan.
Ohi bezala, 09:00etan zabalduko dute azoka eta 14:30ean itxi. Bitartean, aipatu produktuak dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Halaber, eskualdeko baserritarren produktuak ere izango dituzte eskura; hala nola, fruta zein barazkiak. Bestelako elikagaiak erosteko aukera ere egongo da:?patea, gazta eta eztia, kasuan kasu.
Artisauek ez diote hutsik egingo zapatuko hitzorduari eta beraien ekoizpenak saltzen egongo dira merkatu plazan jarriko dituzten saltokietan: besteak beste, zeramika produktuak, otzarak…