Portua berrantolatu eta pantalanak jartzea eskatu dio udalak Jaurlaritzari
Arrantza jarduerari eta Antzar Egunari eraginik egin barik ordenatu nahi dute portua. Urte amaierarako zirriborro bat eduki nahiko luke udalak. Tinglauko moila konponduko duteLekeitioko Udalak portua ordenatzeko plan bat egitea eskatu dio Eusko Jaurlar...
Arrantza jarduerari eta Antzar Egunari eraginik egin barik ordenatu nahi dute portua. Urte amaierarako zirriborro bat eduki nahiko luke udalak. Tinglauko moila konponduko dute
Lekeitioko Udalak portua ordenatzeko plan bat egitea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Portua berrantolatzea eta kai barreneko segurtasuna areagotzea nahi dute, Arrantza Kofradiaren, Leakai aisialdiko ontzien elkartearen, Isuntza Arraun Elkartearen eta portuaren lamina erabiltzen duten turismo aktiboko enpresen jarduerak bermatzeko.Koldo Goitia Lekeitioko alkateak jakitera eman duenez, hamar urtetik gora daramatzate arrantzale zein herritarrek portu ingurua berrantolatzeko eskaria egiten. «Portua ordenatzeko dago, eta irisgarritasuna hobetzeko, eta erabiltzaileek pantalan berriak ipintzea eskatzen dute potinak kairatzeko».
Aldarrikapen horri erantzuteko, plan bat eskatu zion alkateak Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretarako sailburuari abuztu hasieran udalerrira egindako bisitan.
Plana egiterakoan, baina, arrantza jarduera kontuan hartzea eta berrantolaketak sektoreari kalterik ez eragitea eskatu zion alde batetik udalak sailburuari, eta Antzar Eguna orain arte moduan ospatu ahal izatea, bestetik. «Portua erabiltzen duten guztien interesen arteko oreka lortu nahi dugu, erabiltzaile guztien jarduerak bermatzeko, baina arrantza sektoreari eta Antzar Egunari kalterik egin barik».
Tinglauko moila
Kontuan izan dituzte bai eta ere aisialdiko itsasontzietan udalerrira hurbiltzen diren bisitariak. Lekeitioko alkateak azaldu duenez, gero eta itsasontzi gehiago iristen dira udalerrira, batez ere udan, eta ez dago horiek guztiak amarratzeko lekurik. «Bisitariek libre ikusten dituzten lekuetan lotzen dute ontzia, eta arrantza ontziak portura itzultzen direnean mugitu behar izaten dituzte». Udalak desordena hori ere konpondu egin nahi du, eta horretarako osatuko duten planean kortesiazko pantalanak jartzea aurreikusi dute, itsas turismoko ontziak modu ordenatuan porturatu ahal izateko.
Lekeitioko alkateak aitatu duenez, portua ordenatzeko zirriborroak egiten hasiko da Jaurlaritza, eta urte amaierarako proposamen bat izatea espero dute.
Portua ordenatzeagaz gainera, Tinglauko moila ere konponduko du Jaurlaritzak. Moilaren muturreko zimentazioa konpondu eta sendotzeko lanak burutuko dituzte, eta bere sekzioa berregitea ere aurreikusten dute zati batean. Lan horrek 551.000 euroko aurrekontua izango du, eta lau hilabetean amaitzea dute asmoa. Lakuak eskuartean dituen aurreikuspenak betez gero, obrak urrian hasiko lirateke.
Urte amaieran, berriz, udalak sustatutako eta Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Departamentuak lagunduko duen beste proiektu bat jarriko dute martxan: Merkatu Plazaren hobekuntza.