Murlako jaiak ospatzen

Aulestiko Ibarrola auzoko ermitaren inguruan elkartu ziren atzo bertako zein inguruko bizilagunak. Duatloia eta txinga jaurtitzea egin zituzten eguerdian, eta ume, gazte zein helduek gustura jarraitu zituzten saioak.Santa Eufemia jaiak ospatzeko gutxi ...

Aulestiko Ibarrola auzoko ermitaren inguruan elkartu ziren atzo bertako zein inguruko bizilagunak. Duatloia eta txinga jaurtitzea egin zituzten eguerdian, eta ume, gazte zein helduek gustura jarraitu zituzten saioak.

Santa Eufemia jaiak ospatzeko gutxi falta zaie aulestiarrei, eta urtero legez, motorrak berotzeko Murlako jaiak ospatu zituzten atzo.

Eguerdian Ibarrola auzoko ermitan meza entzun ostean, duatloia egin zuten.

Bero galantari eutsiz, herritar asko batu ziren Murlako jaietan. Mezaren ostean, pintxoak dastatzeko aukera izan zuten, eta batzuk duatloia eta txinga jaurtitze proba ikusten zeuden bitartean, beste batzuk ermita aurrean jesarrita egon ziren, tertulian kontu-kontari.

Bost parte hartzaile egon dira aurten, eta Mitxel izan zen atzo denetan azkarrena. 10 minutu eta 46 segundo behar izan zituen arin-aringa eta bizikleta saioak burutzeko (buelta bana egin zuten parte hartzaileek korrika eta bi buelta bizikletan). Helmugan txalo artean hartu zuten duatloiaren garailea.

Irabazleak 50 euro eta garaikurra eskuratu zituen. Halaber, besteak ere ez ziren esku hutsik geratu; parte hartzaile guztiek jaso zuten saria.

Urbe helmugaratu zen bigarren, 11 minutuko denboragaz. Haren atzetik Sabin heldu zen (11 minutu eta 40 segundo).

Hala, parte hartu zuen neska bakarra sailkatu zen laugarren postuan. Aiorak 12 minutu eta 21 segundo behar izan zituen duatloia amaitzeko. Haren atzetik Jon Zarate helmugaratu zen, 13 minutu eta 5 segundoko denboragaz.

Guztiek ere bertan bildutakoen animo oihu eta txaloak jaso zituzten. Ume, gazte zein helduek gogotsu animatu zituzten bost kirolariak.

Duatloiaren ostean, txinga jaurtitze txapelketa egin zuten.

Musa eta umeen jolasak

Bazkalostean, mus txapelketan eta umeen jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten herritarrek.

17:00ak inguruan hasi zen mus lehia. Bikote irabazleak 240 euro eta txapelak jaso zituen, eta bigarrenak, berriz, garaikurrak eta 180 euro. Hirugarren sailkatu zen bikotearentzako 120 euroko diru saria egon zen, eta laugarrenarentzat, 60 eurokoa.

Beste alde batetik, 18:00etatik aurrera umeen jolasak egin zituzten.

Gauean, berriz, dantzan eta kantuan borobildu zituzten Murlako jaiak. 22:30etik aurrera, Esteibar eta Obietaren erromerian elkartu ziren aulestiarrak.