Aishah Sutherland hegaleko pibota fitxatu berri du Lointekek
Lointek Gernika Bizkaiak fitxaketa berria egin du: Aishah Sutherland hegaleko pibota. Klubak atzo eman zuen jakitera fitxaketa, eta ordezkariek zehaztu dutenez, bihar hasiko dute denboraldi-aurrea.Lidergorako ahalmena duen jokalaria da, eta erreboteeta...
Lidergorako ahalmena duen jokalaria da, eta erreboteetarako zein saskiratzeetarako duen abilezia eta Euro Cup Txapelketan duen esperientzia taldearen jokoan igarriko direla uste dute Lointek Gernika Bizkaiaren arduradunek.
Mario Lopez entrenatzaileak adierazi duenez, aspalditik aritu dira Sutherland fitxatu guran: «Hiru denboraldi daramatzagu bere atzetik. Edozein egoeratara moldatzeko gai da, eta defentsarako dohainak dauzka; posizio desberdinetan defendatzeko gai da. Jokalari indartsua da, eta erasoan azkarra. Haren ekarpena erabakigarria izan daiteke».
Unibertsitatean zegoela Kansasen (AEB) hasi zuen saskibaloi ibilbidea, eta 2012. urtean heldu zen Europara. Italiako Orvieto taldean jokatu zuen bi denboralditan, eta handik Poloniako ligara eman zuen jauzia. Han Polkowice eta KS JAS FBG Sosnowiec taldeetan aritu zen. Iazko denboraldian Letoniako Ligako TTT Riga taldean jokatu zuen (liga irabazi zuten), Euro Cup Txapelketan debutatuz. Bataz beste 13,5 puntu eta 7,1 errebote lortu zituen Europako txapelketa horretan.
Bederatzi jokalari prest
Aste honetan denboraldi-aurreari ekiteko bederatzi jokalari prest ditu talde gernikarrak.
Uztailaren 21ean Talia Caldwell jokalariaren fitxaketaren berri eman zuen klubak, baina azaldu dutenez, familia arazo batzuk tarteko, azaroaren erdialdera arte ezin izango da taldeagaz lanean hasi. Ondorioz, haren lekua beteko duen jokalariren bat fitxatzea espero dute.
Caldwell Los Angelesekoa da (AEB), eta California Golden Bearsen hasi zen jokatzen. Poloniako Energa Torun taldean hasi zuen Europako ibilbidea, eta handik Greziako AS Koon Ippokratisera joan zen. 2015-2016 denboraldian Conquero taldean jokatu zuen, Erregina Kopako titulua bereganatuz. Iaz Israelgo Ramat Hasharon taldean aritu zen, baina lesio larri bat izan zuen.