Lekeitioko Bandak botako du aurten San Antolin jaietako txupina
Jaietako egitaraua banatzen hasiko dira gaur kultur etxean. Mireia Arrillaga triatletari Hawaiira joaten laguntzeko txerriki eta sagardo dastaketa egongo da jaien atarianGaurtik aurrera hasi daitezke lekeitiarrak herriko jai batzordeak antolatu duen 20...
Jaietako egitaraua banatzen hasiko dira gaur kultur etxean. Mireia Arrillaga triatletari Hawaiira joaten laguntzeko txerriki eta sagardo dastaketa egongo da jaien atarian
Gaurtik aurrera hasi daitezke lekeitiarrak herriko jai batzordeak antolatu duen 2017ko San Antolin jaietako egitaraua hartzen; kultur etxean jaso ahalko dituzte egitarauak, 09:30etik aurrera. Guztira 3.000 egitarau kaleratuko dituzte, handi eta txiki. Jai Batzordeak atzo goizean eman zuten ezagutzera programazioa, udaletxean egindako aurkezpenean. Ekintzaz betetako zortzi egun izango dira.Herriko jai batzordeak egindako lana eskertuz hasi zuen aurkezpena Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. Programa landu eta ateratzeko 11 hilabete egin dituztela lanean nabarmendu zuen, eta horren emaitza egitarau «polit eta adin guztiei begirakoa» dela adierazi zuen.
Atzoko aurkezpenean jakitera eman zutenez, egitarauan ez badator ere, ekintza berezi bat egongo da jaien atarian. Izan ere, Garraitz Kirol Taldeko Mireia Arrillaga triatleta Urrian Hawaii (AEB) uhartean lehiatuko den Munduko Ironman Txapelketarako sailkatu da, eta kirolariari bertara joaten laguntzeko txerriki eta sagardo dastaketa bat antolatu dutela azaldu zuen Luis Aretxabaleta Garraitz Kirol Taldeko lehendakariak. «Emaitza bikaina lortu du Mireia Arrillagak Kopenhagen (Danimarka) bere mailan (25-30 urte) lehen postua eta sailkapen orokorrean zortzigarren».
Bigarren aldia da Arrillaga Munduko Iromana egiteko sailkatzen dena. «Lehenengoan, baina, ezer esan barik, bertan behera utzi zuen aukera, proba horretan parte hartzea garestia delako. Oraingoan argiago ibili gara, eta izena ematera animatu dugu».
Udalak laguntza eman duela ere zehaztu zuen. Hala ere, gehiago behar dute, eta horretarako izango da bihar 12:00etan eta 19:00etan hasita, Euskal Txerri Elkarteagaz eta Eusko Labeleko sagardogileekin batera, eskainiko duten dastaketa. «Diru guztia Mireia Arrillagari laguntzeko izango da».
Bandakoak, txupinero
Urtero bezala, kuadrillen jaitsieragaz hasiko dira jaiak. Aurten, baina, apur bat arinago hasiko da jaitsiera. «Iaz konturatu ginenez, jendea ez da heltzen 20:00etarako», azaldu zuen alkateak.
Txupina, bestalde, aurten 150 urte beteko dituen bandako musikariek botako dute. Ordezkari modura, aurkezpenean egon zen bandako kide izandako Anton Santamaria. Bandakoak izan diren nagusienek eta gaur eguneko gaztetxoek emango diete jaiei hasiera.
Berritasunei dagokienez, bestalde, domekan, herri kirolak itzuliko dira Lekeitiora. Goizeder Beltza eta Areso nafarrek eta Alex Txikon eta Ernesto Bihurrin bizkaitarrek egingo dute aizkoran. Harri jasotzen, berriz, Ostolaza aita eta alaba ariko dira. Horrez gain, iparraldeko jokoak egongo dira, eta Ousman senegaldarrak txinga eroaten egingo du.
Antzar jokoak ere hasiera berezia izango du. Isuntzako nesken traineruak emango dio hasiera aurten jokoari. «1980 urtean hasi ziren lehian Isuntzako mutilak, eta orduan egin bezala, aurten lehian hasi den nesken taldeak hasiko du». 0 zenbakia eramango dute Isuntzako neskek. Bestalde, hegaztien gripea dela eta, bertoko antzarrak erabiliko dira, eta horrek murriztu egingo duela esan zuten benetako antzarren kopurua; beste guztiak Antzartek izango dira.
Segurtasuna kontuan
Batez ere irailaren 1etik 5era jende asko batzen dela Lekeition gogora ekarri zuen atzo alkateak. Hori dela eta, segurtasun neurriak hartu eta aldaketa txiki batzuk ere egongo direla zehaztu zuen, bai jaitsiera egunean bertan, bai eta beste egun batzuetan ere. «Logikoki ezin dira zeintzuk izango diren esan, eta, beraz, herritarrei Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren argibideak jarraitzea eskatzen diegu. Azken finean denen onerako dira».
Udalak eraso sexistarik ez bestelako erasorik ere «ez duela onartuko» nabarmendu zuen alkateak. Bide horretatik, azken urteetan bezala, Eraso sexistarik gabeko gunea jarriko dute Antzar Egunean plazan. Gunea 12:00etatik 15:00etara egongo da zabalik, eta bertan, eskumuturreko, txapa eta zapiez gain, emergentzia kasuetarako telefonoak ere aurkitu ahalko dira. «Udaletxeko balkoian jarriko ditugun pankartetan ere egongo dira telefonoak».