Egitarau oparoari, erantzun zabala
Lurgorriko San Lorentzo jaien eta Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke festen ostean, sanbartolomeak ospatzen aritu dira errenteriarrak. Lau egunetan, hamaika aukera egon dira auzoan.Gernika-Lumoko Errenteria auzoa jaietan egon da eguaztenetik zapatu...
Lurgorriko San Lorentzo jaien eta Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke festen ostean, sanbartolomeak ospatzen aritu dira errenteriarrak. Lau egunetan, hamaika aukera egon dira auzoan.
Gernika-Lumoko Errenteria auzoa jaietan egon da eguaztenetik zapatura bitartean. Auzotarren eta gainontzeko herritarren parte hartzeagaz, giro ona nagusitu da sanbartolomeetan. Eguazten iluntzean hasi eta zapatura bitartean, jente dezente bildu da Gernika-Lumoko auzo horretan.Eguaztenean bota zuten txupina, eta txistorra janagaz eta argazki zaharren erakusketagaz gozatu zuten.
Hurrengo egunean egitarau zabala eduki dute aukeran: euskal dantzak, Urdaibai Kantagunearen saioa, gargantua, txirrindulari lasterketa, piragua zeharkaldia, kukaina eta erromeria, besteak beste.
Barikuan, bestalde, estropadak ikusteko aukera eduki zuten herritarrek, Oka errekan. Errenteriako II. San Bartolome ikurrina lehiatu zuten Bizkaiko taldeek: Arkotek, Isuntzak, Bermeok eta Elantxobek, hain zuzen. Halaber, Errenteriako Jai Batzordekoek ere arraun egin zuten. Estropadak amaitutakoan, Tukatukada batukadak girotu zuen San Bartolome kalea, eta pintxopotea ere egin zuten.
Amaiera, dantzan
Zapatua izan zuten azken festa eguna. 14 kilometroko mendi ibilaldiagaz eman zioten hasiera egunari. Eguerdian, aldiz, tortilla txapelketan parte hartu zuten auzotarrek, eta arratsaldean, umeen jolasak eta buruhandiak izan ziren aukeran.
San Bartolome festei amaiera emateko Xaiborren erakustaldiagaz gozatzeko aukera izan dute aurten herritarrek, kantuan eta dantzan.