Andra Mari jaien balorazio positiboa egin du Ondarroako Udalak
Udala irailaren 19an batuko da jai batzordean herriko taldeekin, euren ikuspuntua ere kontuan hartzeko. Udalak ez du eraso sexisten inguruko salaketarik jaso gaur gaurkozOndarroako Udalak andramarien balorazio positiboa egin du jaien amaieran.Herriko k...
Udala irailaren 19an batuko da jai batzordean herriko taldeekin, euren ikuspuntua ere kontuan hartzeko. Udalak ez du eraso sexisten inguruko salaketarik jaso gaur gaurkoz
Ondarroako Udalak andramarien balorazio positiboa egin du jaien amaieran.Herriko kirol eta kultur taldeekin irailaren 19an egingo den jai batzordearen balorazio batzarrean bilduko bada ere, orokorrean balorazio ona egin du Iñaki Lersundi kultura zinegotziak: «Irailaren 19ko batzarrean denok batu eta xehetasun gehiagogaz aztertuko dugu aurtengoa eta datorren urterako zer hobetu beharko dugun». Nabarmendu nahi izan du bilerara tabernariak ere bertaratzea garrantzitsua izango dela, euren ikuspuntua ere kontuan hartzeko.
Zinegotziak azpimarratu duenez, lehen helburua berdintasunaren ikuspuntutik jai parekide eta erasorik gabekoak lortzea zen, eta apurka-apurka baldin bada ere, lortzen ari den helburua da. «Esaterako, Andra Mari egunean herriari eskaintzen zaion agurrean neskak eta mutilak ari dira oholtza gainean dantzan». Bestalde, udalak martxan jarritako brigada moreak ere eraso sexistarik ez egoteko baliabidea ere izan dira, udalak ez baitu jaso momentuz, behintzat, jai gunean eta jai egunetan eraso sexisten inguruko salaketarik.
Jaxak Martxan
Aurtengo jaietan Jaxak Martxan dinamika ere martxan jarri zuten gaztetxetik. Hainbat ekintza antolatu zituzten, jai egitaraua aberastuz. Haien iritziz, «jai ederrak» izan dira. Jaxak Martxan dinamikagaz jai eredu alternatibo bat sortzeko «apustu irmoa» egin zutela eta, pozik agertu dira dinamikaren bultzatzaileak.
Ondarroako Gazte Asanbladako kideek andramariei buruzko balorazio «nahikoa positiboa» egin dute. Nabarmendu nahi izan dute Gazte Eguna antolatzeko lan taldeetan 270 neska-mutil aritu izanak adierazten duela gazteek badutela indarra. Beste alde batetik, akatsak ere egon direla aitortu dute, baina esan dute horrek ez dituela geldiaraziko. Asanbladak eskerrak eman nahi izan dizkie jaiak aurrera eramaten lagundu dieten guztiei.
Iñaki Lersundik nabarmendu du Andra Mari jaiak «eguneko jaiak» ari direla bihurtzen, eta horrek egunez jende asko ibiltzea dakarrela. Herritar asko ere ekintzekin pozik geratu direla nabarmendu du Ondarroako Udalak. Herriko musika taldeen alde eta musika estilo ezberdinen alde egindako apustua ere ondo joan dela nabarmendu du zinegotziak, nahiz eta, esaterako, eguraldia zela-eta Itzalak taldearen kontzertua Itsasaurrera aldatu behar izan zuten.
Arrantzale Eguna izan zen egunik jendetsuena, baina kukainan eta zubitik saltoetan egondako parte hartzaile kopuru txikia eta horiek antolatzeko herriko talderik animatu ez izana hobetu beharreko puntuak direla nabarmendu dute.
Su artifizialei dagokienean ere, herritarrak pozik agertu ziren Astondoa pirotekniaren ikuskizunagaz: «Iaz ezin izan ziren etorri, baina aurten jendea pozik geratu dela uste dugu».
Ikurrinaren igoeran Enara Bilbao eta Lur Aranburu gimnastikalariak eta Ager Solabarrieta tiralaria omendu izana ere garrantzitsua izan dela azpimarratu dute Ondarroako Udal ordezkariek, «herritarren aurrean errekonozimendu bat egiteko aukera polita baita plaza bete jende dagoenean ikurrina igotzea».
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie jai egitaraua eta ekintzak antolatzen aritu diren guztiei, Kuadrilla Eguna antolatzen aritu direnei, Jaxak Martxan dinamikari eta herriko kultur eta kirol taldeei.