Domekan egingo dute Mendata Ezagutuz
XVIII. Ibilaldi Neurtua edo XIII. Mendi Maratoia egiteko aukera egongo da.
Internet bidezko izen ematea mendataezagutuz.net webgunean bete behar da. Eguaztena (abuztuak 30) da horretarako azken eguna. Aldez aurretik izena ematen dutenek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta egunean bertan izena emanez gero, ostera, 15 euro ordaindu beharko dira. Antolatzaileek 500 parte hartzailetan jarri dute muga.
Mendi ibilaldia egiteko asmoa dutenek, hiru aukera dituzte: 10 kilometroko ibilbidea, 21 kilometrokoa edo 37 kilometrokoa. Bestalde, 42,195 kilometroko maratoia prestatu dute.
XVIII. Ibilaldi Neurtuko parte hartzaileak 08:00etan irtengo dira Elexalde auzotik, eta XIII. Mendi Maratoikoak, berriz, 09:00etan.
Ibilbidean zehar anoa postuak egongo dira, eta amaieran dutxatzeko aukera eskainiko dute. Era berean, bazkaria ere egingo dute.
Probaren webgunean dago informazioa, hala ere, argibide gehiagorako Idatze Etxera deitu ahal da: 94-625 72 04 (eguaztenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara) edo mendataezagutuz@gmail.com helbidera idatzi.