Dominguez bermeotarrak Labroer zaragozarra garaitu du Artza frontoian
Bermeoko boxeolariak nagusitasunez hartu du mendean aurkaria. Leo de la Cruz eta Osama El-Haddiren borroka bertan behera geratu da. 2018an ere boxeo jaialdia hartuko du ArtzakBariku gaueko Bermeoko Artza frontoiko boxeo jaialdiko borroka nagusia Andoni...
Bermeoko boxeolariak nagusitasunez hartu du mendean aurkaria. Leo de la Cruz eta Osama El-Haddiren borroka bertan behera geratu da. 2018an ere boxeo jaialdia hartuko du Artzak
Bariku gaueko Bermeoko Artza frontoiko boxeo jaialdiko borroka nagusia Andoni Dominguez bermeotarraren eta Daniel Labroer zaragozarraren artekoa izan zen, eta etxeko boxeolariak ez zuen etxeko zaleen aurrean hutsik egin. Garaipena lortuta, zutik jarri zuen frontoian bildutako publikoa.Bermeotarrak gozatu egin zuen ring-ean, eta zaleak gozarazi zituen. Lehenengo round-a amaitzear zegoela erori egin zen, baina beste bietan nagusitasunez borrokatu zen.
74 kiloko boxeolarietan ohikoa ez den mugikortasuna eta konbinazio azkarrak erakutsi zituen ring-ean.
Aurkariak, baina, ez zion borroka erraztu; boxeo «ortodoxoa» erakutsi zuen. Kontraerasoko eskuineko ukabilkadagaz, Dominguez lurrera bota zuen lehen borrokaldian, baina beste bietan ezer gutxi egin ahal izan zuen etxeko boxeolariaren kontra.
Zaleen txalo eta oihu artean jaitsi zen Dominguez ring-etik, eta herritarren besarkadak jaso zituen.
Artzan batutako zaleek boxeo olinpikoko sei borrokaz gozatzeko aukera izan zuten bariku gauean, eta amaieran, Maider Dominguez bermeotarrak eta Alazne Penoyk entrenamendua burutu zuten.
Bilboko Fabricio Meneses eta Burgoseko Adrian Luzarragaren arteko borroka izan zen jaialdiko azken-aurrekoa. Norgehiagoka ederra eskaini zuten, «boxeo asko eta alternatibekin»; amaieran, epaileak Luzarraga burgostarrari eman zion garaipena. Elite mailako beste borrokan, 67,5 kilotan, Luis Gonzalez getxoztarra eta Ivan Vigo gasteiztarra aritu ziren nor baino nor gehiago, eta Gonzalezek irabazi zuen.
Bestalde, junior mailako bi borrokaldiak ere ikusgarriak izan ziren. 51 kiloko Getxoko Antony Guzman eta Burgoseko Endika Gomez boxeolarien arteko norgehiagokagaz hasi zen boxeo ikuskizuna, eta getxoztarrarentzat izan zen garaipena. Jarraian, 63 kilotan, Ander Blanco getxoztarrak mendean hartu zuen Michael Marulanda bilbotarra.
Gazte kategoriako Getxoko Leo de la Cruz eta Miranda de Ebroko Osama El-Haddi boxeolarien arteko borroka epaileak bertan behera utzi behar izan zuen, de la Cruzek min hartu zuelako.
EuskoBoxeko arduradunek esan dutenez, iazko Arrain Azokako eta barikuko jaiadiek izandako «arrakasta» dela eta, datorren urtean ere Bermeon boxeo jaialdia antolatzeko asmoa dute.