Muxikak musika elektronikoaren topaketa hartuko du bihar
Erdu Muxikako Gazte Asanbladak antolatuta, Eleizalde auzoan egingo dute egun osoko festa. Adin desberdinetako publiko anitza bildu gura duteMuxikako Eleizalde auzoak musika elektronikoaren topaketa hartuko du bihar. Erdu Gazte Asanbladak antolatuta, le...
Erdu Muxikako Gazte Asanbladak antolatuta, Eleizalde auzoan egingo dute egun osoko festa. Adin desberdinetako publiko anitza bildu gura dute
Muxikako Eleizalde auzoak musika elektronikoaren topaketa hartuko du bihar. Erdu Gazte Asanbladak antolatuta, lehenengoz egingo dute mota horretako jaialdi bat, eta adin guztietako jende anitza batzea dute helburu. Horretarako, musikaz gain, artisau azoka, jolasak eta beste ere izango dira bihar Eleizalden.12:00etan hasi, eta gauerdirarte iraungo du jaialdiak. Muxikarrak batzea espero dute antolatzaileek, baina baita inguruko herrietako jendea ere. Horretarako, jakinarazi dute iblgailuentzako aparkalekua egokituko dutela. Horrez gain, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa ere egin dute.
Erdu Gazte Asanbladaren esanetan, egun osoan jendea batzea espero dute. Musika elektronikoa ardatz duen jaialdi bat ez dute lehenago inoiz antolatu.
Hala ere, diotenez, gaur egun musika estilo horrek gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta jendeak ondo erantzutea espero dute. «Urtean saiatzen gara ekintza desberdinak antolatzen, publiko ezberdinarentzat eta muxikarrei aukera desberdinak eman asmoz», esan dute. Gazteak batzeko topaketa bat dela gaineratu dute, eta herriko gazteei beste proposamen bat egiteko aukera ere bai.
Hala eta guztiz ere, eguneko jarduerak gazte, ume zein helduentzat izango direla argitu du gazte asanbladak.
Jan-edana
12:00etan zabalduko dute artisau azoka, eta, hura bisitatu ez ezik, jolasean aritzeko aukera ere izango dute Muxikako Eleizaldera hurbiltzen direnek. 16:00etan hasita, umeek, gazteek eta nagusiek asanbladak prestatutako jolasetan parte hartzeko aukera edukiko baitute.
Zer jan eta zer edan ere izango da Eleizalden bertan. Izan ere, gazte asanbladak txosna bat jarriko du bertan, eta food truck bi ere Muxikara hurbilduko dira bihar, BackYard jaialdira.
Eta musika elektronikoaren jaialdia izanik, artistak ez dira faltako. Guztira, zazpi talde eta banakako Dj egongo dira Muxikan; tartean, gernikarrak eta muxikarrak.