Karmen Egunean Master Series finala jokatuko da Markina-Xemeinen

Beaskoetxea-Etxeba eta Aimar-Ibon Aldazabal anaiak neurtuko dira finalean. Txapelketatik kanpoko desafioa ere jokatuko da Erkiaga-Irastorza eta Goikoetxea-Lekerika bikoteen arteanJai Alai World Tourrek antolatutako lehen Master Seriesaren final handia ...

Beaskoetxea-Etxeba eta Aimar-Ibon Aldazabal anaiak neurtuko dira finalean. Txapelketatik kanpoko desafioa ere jokatuko da Erkiaga-Irastorza eta Goikoetxea-Lekerika bikoteen artean

Jai Alai World Tourrek antolatutako lehen Master Seriesaren final handia jokatuko da domekan, 18:00etan, Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean. Beaskoetxea eta Etxeba alde batetik, eta Aimar eta Ibon Aldazabal anaiak, bestetik, aterako dira kantxara garaipenaren bila. Finalaurrekoetan Diegok eta Etxebak bi eta huts irabazi zieten Barandika eta Amigorenari; berriatuarrek, berriz, Arbe eta Ekhi utzi zituzten kanpoan.

Giro polita egon zen finalaurrekoetan harmailetan, eta giro on horregaz jarraitzea espero dute antolatzaileek Karmen Egunean ere. Izan ere, ohitura da Markina-Xemeinen Karmen Egunean zesta-punta partidak egotea, eta herriko zaleek gogoz hartzen dituzte.

Hala, Karmen Egunean beste partida bat ere jokatuko da, txapelketatik kanpo: Erkiaga-Irastorza eta Goikoetxea-Lekerika bikoteen artekoa. Ispasterkoa, bere ume eta gaztaroa igaro dituen herrian ikusteko gogo handia dago, bai eta Iñaki Osa Goikoetxea puntista zumaiarra ere. Zumaiakoak aurten ez du Jai Alai Pro Tour txapelketa jokatuko, Iparraldeko txapelketak jokatuko ditu, hala ere, ez du Markina-Xemeingo funtzioa galduko.

Erik Irastorzaren jokoagaz gozatzeko aukera ere egongo da.

Karmen jaietako finalak

Profesionalez gain, Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskolako puntistak jokatzen aritu diren Karmen Jaietako Txapelketako benjamin eta txikien mailetakofinalak ere jokatuko dira astelehenean, 12:00etan.

Benjamin mailan, Julen eta Jokin eta Erika eta Denis ailegatu dira finalera. Txikien mailan, berriz, Osoitz-Atain eta Iñigo-Aner bikoteen arteko partida ikusi ahalko da.

Denetara, benjamin mailako 7 bikotek eta txikien mailako 5 bikotek parte hartu dute txapelketan.