Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak gaur sinatu du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Plan Gidaria (EKPG) aldatzeko izapideak hasteko agindua. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari egin zion plan hori aldatzeko
eskaera. Urdaibaiko Patronatuaren ikusputua jaso ostean erabaki du Arriolak plana aldatzeko prozedura hastea.
Gaur egin dute bilera, eta EAJk erakutsi duen jarrera salatu du EH Bilduk. Koalizio abertzaleak prentsa ohar bidez esan duenez, ekainaren 22an Legebiltzarrean EKPG aldatzearen aldeko botoa eman ostean, EAJk gaur esan du 2016an onartu zen planak jarraitu beharko lukeela indarrean. EH Bilduren esanetan, “Legebiltzarrean bozkatu zuena atzera botatzen saiatu da Urdaibain, baina, zorionez, ahalegin horretan bakarrik geratu da”. Hori dela eta, Mikel Otero legebiltzarkideak jeltzaleen “joko bikoitza” salatu du: “Agerian utzi dute beraien kezka nagusia ez dela Urdaibai eta ingurumena babestea, baizik eta operazio urbanistikoak ez oztopatzea. Ez dute plana aldatu nahi horrek hainbat negozio bertan behera uztea ekarriko duelako”.
Patronatuak, bere aldetik, laguntza osoa eskaini dio Jaurlaritzari.
Adostasunean. EKPGren aldaketa denbora epe mugatu batean egingo dutela esan du Ingurumen sailak, eta ahalik eta zorroztasun juridiko-tekniko handienarekin egingo dutela. Hala, Eusko Legebiltzarrak adostutako akordioak jasotzen dituen baldintza guztiak kontuan hartuko ditu Jaurlaritzak planaren aldaketa egiteko. Besteak beste, komunitate zientifikoko eragile denen parte hartzea bermatzeko bideak jarriko ditu. Esan duenez, ingurumen, gizarte, ekonomia eta kultura irizpiderik onenak ezarriko dituzte, iraunkorra eta sozialki berdintasunean oinarrituta egongo den garapena bermatzeko. Finean, biosfera erreserbaren kudeaketa orekatuari bide eman nahi dio Jaurlaritzak.
Halaber, Ingurumen sailak esan du plana aldatzeko ahalik eta adostasun handiena lortzea duela helburu. Patronatuan ordezkaritza duten eskualdeko erakunde eta eragile guztien artean erreserbari kudeaketa tresna egokia ematea da asmoa, ingurumenaren babes egokia eta eskualde osoaren garapen iraunkorra elkartuko dituena, udal autonomia errespetatuz, jarduera ekonomikoa dinamizatu eta erreserbaren aberastasun naturala sustatzen den bitartean.