I. Jazz Jaialdiaren balorazio ona egin du Uhagon Kultur Elkarteak
Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdiak izandako erantzunagaz «pozik» geratu dira Uhagon kulturgunearen arduradunak. Orokorrean, «oso balorazio ona» egiten dutela azpimarratu dute. Izan ere, herritarrez gain, Lea-Artibai eta eskualdetik kanpoko jendeak ...
Antolatzaileak atzo goizean elkartu ziren Uhagon kulturgunean, jaialdiaren balorazioa egiteko. Publikoaren eta jaialdian parte hartu duten musikarien kritika onak izan dituztela aitatu zuten. «Jende asko batu da kontzertu guztietan. Herritar eta kanpotar batzuk, gainera, egunero etorri dira», nabarmendu dute.
Musikarien kalitateagaz ere «gustura» gelditu dira antolatzaileak, «aurreikuspenak beteta». Eta publikoak ere musikarien lana ondo baloratu duela azaldu dute. Alderantziz ere, aldeko balorazioa egin dute musikariek, eta jaialdian parte hartu ahal izana eskertu dietela jakitera eman dute Uhagon kulturgunekoek.
Aste bete aurretik
Orokorrean, jaialdia ondo joan bada ere, aldaketa batzuk egitea aurreikusi dute datorren urterako. «Jaialdia astebete aurreratzea erabaki dugu. Beraz, ekainaren azkenean edo uztailaren hasieran ospatuko da datorren urtean».
Bestalde, azpiegiturei begirako aldaketa batzuk egitea ere erabaki dute. «Hobekuntzak egiten saiatuko gara, eguraldiaren menpe ez egoteko». Horrela, kanpoan jo ahal izateko zer edo zer pentsatuko dutela aitatu dute.
Iraupenari dagokionez, jazz jaialdia lau egunetan mantentzea erabaki dute, eta aurten bezala, egunetako batean jaialdia herrira hurreratzea dute asmoa.