Beldurra eta heavy metala uztartuko ditu gaurko Gorefest jaialdiak
19:00etatik aurrera herritik ibiliko den kale animazioak giro «heavy ikaratsua» sortuko du. 20:30ean hasiko dira film laburren emanaldiak Nestor Basterretxea aretoan; 10 jarriko dituzteSpookypheria Productions Elkarteak antolatzen duen Gorefest jaial...
19:00etatik aurrera herritik ibiliko den kale animazioak giro «heavy ikaratsua» sortuko du. 20:30ean hasiko dira film laburren emanaldiak Nestor Basterretxea aretoan; 10 jarriko dituzte
Spookypheria Productions Elkarteak antolatzen duen Gorefest jaialdiaren urteroko hitzordua ere iritsi da. Hain zuzen ere, gaurko antolatu da aipatu jaialdiaren 17. aldia.Beste behin ere, terroreagaz, goreagaz, suspenseagaz eta umore onagaz gozatzeko aukera eskainiko du Gorefestak. Spookypheriak antolatzen duen Halloween Metal Festak, aurten, 10. urteurrena beteko duela eta, Gorefest jaialdian heavy metalak ere bere lekua edukiko duela azaldu dute antolatzaileek.
Aurpegi ezagunak
Mundu mailako film laburrak eta zinema alternatiboa bilduko ditu Gorefest jaialdiak Nestor Basterretxea aretoan, 20:30etik aurrera. Lehenik eta behin, film laburren txanda izango da. Munduko leku desberdinetatik iritsitako hamar film labur ikusi ahalko dituzte bertaratutakoek. Aurtengo film laburretan aurpegi ezagunak egongo direla jakinarazi dute.
Ondoren, 23:00ak aldera, film luzeen txanda izango da; bi jarriko dituzte aurten ere. Hala eta guztiz ere, lan luzeen izenburuak ez dituzte jakinarazi. Publikoak momentuan bertan jakingo du zeintzuk diren aurten Gorefestan ikusi ahal izango dituzten bi film luzeak.
Eta, zelan ez, Nestor Basterretxea aretoko emanaldiak hasi aurretik, animazio aktoreak ibiliko dira herritik, 19:00etatik aurrera. Aurtengo kale animazioak «giro heavy ikaratsua» sortuko du herrian.
Gorefest jaialdirako sarrera 3 euro ordaindu beharko da. Nestor Basterretxe aretora 16 urtetik gorakoak bakarrik sartu ahal izango dira.