Alkartasunak «festa giro polita» sortuko du urteko dantza ekitaldian

Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak urteko dantza ekitaldia antolatu du biharko. Urtero legez, Artza frontoian izango da, 22:00etatik aurrera. Frontoira bertaratzen direnek Euskal Herriko dantza ugari ikusteko aukera «paregabea» izango dutela azaldu ...

Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak urteko dantza ekitaldia antolatu du biharko. Urtero legez, Artza frontoian izango da, 22:00etatik aurrera. Frontoira bertaratzen direnek Euskal Herriko dantza ugari ikusteko aukera «paregabea» izango dutela azaldu dute.

Sarrera, gainera, dohainik izango da. Hala, parte hartzeko deia egin diete herritarrei, «festa giro polita» sortuko dela nabarmenduta.

50 dantzari eta musikari inguruk parte hartuko dute biharko ekitaldian. Arabako dantzekin hasiko dute ekitaldia: Ziegoko makil dantza, arbol dantza, jota… taularatuko dituzte. Ondoren, Gipuzkoako dantzekin jarraituko dute, Lapurdiko inauteriak dantzatu orduko. Fandangoa eta arin-arina ere ez dira faltako zapatuan. Urteko dantza ekitaldia amaitzeko, aurten, Larrain dantza aukeratu du Alkartasuna Dantza Taldeak.

Dantzen historia

Dantza ezberdinen historia ere azalduko dute: «Nongoak diren, eta zelan, noiz eta zergatik hasi ziren dantza horiek dantzatzen. Gure herriko ohiturak ezagutzeko eta dantzekin ondo pasatzeko aukera egongo da bihar».

Alkartasuna Dantza Taldekoen arabera, dantza erakustaldiaren helburua «herritarrek Euskal Herriko dantza desberdinak ezagutzea da».

Era berean, taldeak urtean zehar egin duen lana erakusteko ere balio duela diote: «Azken finean, guztiok ondo pasatzea da helburua».