Flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen ikuskizuna, bihar, Mutrikun
Emanaldia Txalaparta okindegi-kafetegian izango da, 22:30ean, doan. Ikuskizuna adin guztiei zuzendutakoa da. Saio «berritzaile, aberasgarri eta sentibera» dela esan duteBerriketan ikuskizunak flamenkoa eta txalaparta uztartzen ditu, eta bihar Mutriku...
Emanaldia Txalaparta okindegi-kafetegian izango da, 22:30ean, doan. Ikuskizuna adin guztiei zuzendutakoa da. Saio «berritzaile, aberasgarri eta sentibera» dela esan dute
Berriketan ikuskizunak flamenkoa eta txalaparta uztartzen ditu, eta bihar Mutrikuko Txalaparta okindegi-kafetegian ikusi ahalko da, 22:30ean, doan. Emanaldiak ordubete eta 25 minutu inguru iraungo du.La Pulga goitizeganagaz ezaguna den Askoa Etxebarrieta Lasheras flamenko dantzari eta irakasle gasteiztarra izango da dantzaria. Eta harekin batera beste musikari batzuk ariko dira: Angel Lopez de Toro flamenko kantaria, Aitor Escobar gitarra jotzailea, Jose Gil Giliyo kajoi eta perkusio-jotzailea, Adrian Larrañaga pandero eta perkusio jotzailea eta Mikel Aveiro txalapartaria.
Euskal sustraiak eta flamenkoa uztartzen dituen proiektua da Berriketan; perkusio, gitarra eta kejioen artean, dantza eta txalapartaren arteko elkarrizketak ikusi eta entzuteko aukera eskaintzen duen emanaldia da. «Flamenkoa eta euskal sustraiak fusionatzen dituen ikuskizuna da. Eta ume, gazte zein helduei zuzenduta dago. Flamekoa eta euskal kultura gustuko dutenentzako ikuskizun berritzaile, aberasgarri eta oso sentibera da. Goxotasun eta energia handiko ikuskizun berezia da», diote La Pulgak eta taldekideek.
La Pulgaren ibilbidea
La Pulgarentzat ez da Mutrikun ariko den lehendabiziko aldia; aurretik ere Txalapartan emanaldia eskainitakoa da.
Gasteizen dantza klasikoa ikasi ondoren, herri tailer batzuetan flamenkoa ezagutu zuen La Pulgak. Flamenkoaz maiteminduta, Granada eta Sevillara (Espainia) joan zen Etxebarrieta; flamenkoaren oinarri eta iturriak aurkitzera joan zen.
Urteetan artista ospetsuek emandako ikastaroetan, dantzaren sustraietan sakontzen ibili da. Gaur egun, Madril eta Sevillan ikasten jarraitzen du, eta bere taldeagaz ere lan egiten du: La Pulga y Compañia, Adabegi y La Patro Teatro. Horrez gainera, tailerrak, ikastaro trinkoak eta flamenko erritmoak irakasten ditu.