Louajarik eta Ahbouchek irabazi dute kros nagusia
79 korrikalarik parte hartu dute Markina-Xemeingo kros herrikoian, eta 106 ume eta gaztek abiadura probetan. Atletismo taldeko entrenatzaileak omendu dituzte79 korrialarik parte hartu zuten Markina-Xemeingo 16 urtetik gorakoen kros herrikoian. Helmugar...
79 korrikalarik parte hartu dute Markina-Xemeingo kros herrikoian, eta 106 ume eta gaztek abiadura probetan. Atletismo taldeko entrenatzaileak omendu dituzte
79 korrialarik parte hartu zuten Markina-Xemeingo 16 urtetik gorakoen kros herrikoian. Helmugara iristen lehen gizonezkoa Abdelfettah Louajari izan zen (24:46). Abantaila handiagaz sartu zen Louajari Zelaiko helmugan. Lasterketaren hasieratik jarri zen buruan, eta aurrean, ia bakarrik egin zituen lasterketaren 7 kilometro eta 800 metroak.Lehen emakumea, berriz, Samira Ahbouche (29:11) izan zen. Ahbouchek ere abantaila handia atera zien bigarren eta hirugarren postuan gelditu ziren Saioa Elaso Delgado (30:46) eta Inmakulada Ruiz Teran (31:29) beteranoei.
Gizonezkoen podiuma Othman Bougader (25:39) eta Gontzal Bilbao Perez bilbotarrak (28:29) osatu zuten.
Herriko lehen emakume eta gizonezkoak ere eduki zuten saria. Lide Azkue Iruretagoiena eta Iñigo Perez Pazos izan ziren herriko lehenengoak.
Bestalde, urtero modura, Fortunato Vencedor 87 urteko korrikalariak ere parte hartu zuen Markina-Xemeingo proban. Txalo artean eta herriko umeez lagunduta heldu zen helmugara.
Omenaldia
Atleta helduez gain, gazteak ere izan ziren XIX. Atletismo Eguneko protagonistak. Denetara, txupete, benjaminaurreko, benjamin, alebin eta txikien mailetako 106 korrikalarik parte hartu zuten Zelaiaren beheko partean egin ziren abiadura probetan. 60, 80, 300 eta 600 metroko lasterketak eta erreleboak egin zituzten hasteko, eta pisu jaurtiketa egon zen berdegunean.
Abiadura probak amaituta lehiatu zituzten kros txikia eta helduen herri krosa. Izaro Aranburu aulestiarra eta Jonan Bilbao markina-xemeindarra izan ziren kros txikia irabazi zutenak.
Kros nagusiaren sariak banatu orduko, urte askoan Markina-Xemeingo Atletismo Taldeko entrenatzaile izan diren Jose Luis Mugartegi eta Gabriel Telleria omendu zituzten. Urte guzti hauetan egindako lana eta atletismoaren inguruan herrian sortu duten ilusio eta zaletasuna eskertu zieten. Bertso, opari eta txaloak jaso zituzten euren ikasle, guraso, taldeko kide eta herritarrengandik.