Kimika sektorean dauden irregulartasunak salatu ditu LABek
Sektoreko eskualdeko zenbait enpresek kimikako hitzarmen kolektiboa ez dutela betetzen adierazi dute sindikatuko ordezkariek. Epaitegietan hainbat salaketa jarri dituzteLea-Artibai eskualdean kimika sektorean dauden irregulartasunen salaketa publikoa e...
Sektoreko eskualdeko zenbait enpresek kimikako hitzarmen kolektiboa ez dutela betetzen adierazi dute sindikatuko ordezkariek. Epaitegietan hainbat salaketa jarri dituzte
Lea-Artibai eskualdean kimika sektorean dauden irregulartasunen salaketa publikoa egiteko, LAB sindikatuko ordezkariek Berriatuko Gardotza industrialdeko Azken Ikutu enpresaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo goizean. Enpresak kimikako hitzarmen kolektiboa betetzen ez duela azaldu zuten, eta hura ez dela bakarra.Azaldu dutenez, dagoeneko zenbait salaketa jarri dituzte epaitegietan: «Badakigu gaur egun Azken Ikutu ez dela hitzarmena betetzen ez duen enpresa bakarra; Ibai Aurrez enpresari ere salaketa jarri diogu. Argi utzi nahi dugu ez dugula inola ere gure eskualdean esklabutza egoerarik onartuko. Enpresariek jakin dezatela LABek dituen baliabide eta energia guztiak erabiliko dituela».
Azken Ikutu enpresako langileek hitzarmenean jasotzen dena baino 600 euro gutxiagoko soldatak dituztela eta jai egun bezperetan, zubietan, adibidez, langileak kaleratu, eta hurrengo lan egunean berriro altan ematen dituztela zehaztu zuten.
Sindikatuaren «presioaren» ondorioz, enpresak soldatetako irregulartasunak «onartu» dituela esan dute LABeko ordezkariek, baina datorren urtera arte ez dituela erregularizatuko adierazi diete enpresaren arduradunek. «Enpresari hauen lotsagabekeriak ez dauka mugarik; langileei soldatak eta eskubideak lapurtzea da euren funtzionamendu modua».
Langileei deialdia
Kimika sektorean lan egiten dutenei zuzendu zaizkie LABeko kideak, haien eskubideak betearazteko borrokatu daitezen. Esan zutenez, justiziaz haiena dena lortzen laguntzeko prest daude.
Era berean, arazo horregaz segituz gero, ez lukete baztertuko «salaketa judizial edo sozial» gehiago egitea eta beharrezkoak deritzen ekintza sindikalak burutzea ere. «Cikautxo S. Coop-eri eskakizun publikoa egin nahi diogu, mota hauetako enpresetan gertatzen ari dena ez bultzatzeko, hitzarmena betetzen duten enpresekin lan eginda. Denon artean azpikontratetako langileen eskubideak errespetatzen dituen kalitatezko kimikako sektorea lortuz, azpikontrata handiago, indartsuago eta espezializatuagoak izateko».
Halaber, hainbat enpresetan «aurrerapauso handiak» eta halako egoerekin «bukatzea» lortu dutela azaldu zuten atzo, eta horren adibide jarri zuten iazko udako Roal enpresako langileen kasua. Haiek lortutako garaipena langileen «antolakuntzagaz eta borrokagaz» lortu daitezkeen eskubiden eredu dela uste dute.
Hala eta guztiz ere, oraindik egiteko bide luzea daukatela nabarmendu zuten atzo elkarretaratzean bildutako LABeko ordezkariek.