Itsasoan galdutako lekeitiarraren ontzia eta gorpu bat agertu dira
Itsas Salbamenduko kideek jakitera eman dutenez, atzo 13:00ak aldera itsasoan desagertutako 57 urteko lekeitiarraren Espe I ontzia aurkitu zuten Galizia parean. Ontziagaz batera, gorpu bat ere aurkitu zuten, baina HITZA-k papereko edizioa amaitu zuenea...
Aurkitutako gorpua Cariñoko baxurako itsasontzi batek aurkitu zuen; abisua eman ostean, bertan geratu zen Salvamar Shaula itsas salbamenduko ontzia ailegatu bitartean. Salbamenduko ontzi horrek eraman zuen gorpua kaira.
Gorpua Espe I ontziaren salbatxaluparen ireki gabe zegoen edukiontziaren ondoan agertu zen, Cariño inguruko Punta Limo eta Bajo Lee pareko haitzetan. Gorpua kaira eraman ostean, Cariñoko epailearen esku geratu da.
57 urteko gizonezkoa uztailaren 3an atera zen itsasora, eta itzultzen ez zela ikusita, haren senide batek abisua eman zuen. Itsas Salbamendua, Ertzaintza eta Gurutze Gorria. Uztailaren 4an 10:20ean hasi ziren haren bila. Ertzaintzak azaldu zuenez, hasiera baten bilaketa lanak itsasontziz, helikopteroz eta hegazkinez hasi ziren egiten. Dena dela, bilaketa lan guztiak Itsas Salbamendu taldeak koordinatu ditu.
Uztailak 4an Oriotik Matxitxako lurmuturrerainoko eremuan egin zuten bilaketa. Uztailaren 5ean, ostera, Bermeo eta Lemoiz inguruetan ibili ziren miatzen. Uztailaren 6an bilaketa lanak itsaso barru-barruan zentratu zituzten, Ondarroa eta Santoña arteko eremuan; kostatik 30 miliatara ibili ziren (atunontziak arrantzan ibiltzen diren eremuan).
Egun horretan, salbamendurako flotagailu bat aurkitu zuten. «Itsas Salbamenduko egoitzara eraman genuen, uste genuelako galdutako marinelaren ontziarena izango zela.Azkenean, baina, ez zen horrela izan».