II. Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketa egingo da irailaren 23an
Izena emateko epea zabalik dago irailaren 22ra arte. Ia 16 kilometroko ibilbidea edukiko du, eta iazkoaren oso antzerakoa izango da. Antolakuntzak lasterketa «klasiko» bat izatea nahi duOndarru-Lekitto lasterketa egingo da irailaren 23an bi herriak l...
Izena emateko epea zabalik dago irailaren 22ra arte. Ia 16 kilometroko ibilbidea edukiko du, eta iazkoaren oso antzerakoa izango da. Antolakuntzak lasterketa «klasiko» bat izatea nahi du
Ondarru-Lekitto lasterketa egingo da irailaren 23an bi herriak lotzen dituen kostako errepidean. Ia 16 kilometro izango ditu, eta Ondarroako Itsasaurre plazan hasi eta Lekeitioko Independentzia plazan amaituko da.Aurten bigarren urtez egingo da lasterketa, Lekeitioko Tximista Atletismo Taldearen ekimenez eta eskualdeko udalen eta Lea-Artibai Amankomunazgoaren laguntzagaz.
Antolatzaileek azaldu dutenez, iaztik ez du aldaketa handirik edukiko, «gehienbat, iazkoan ia guztia ondo atera zelako». Lehenengo lasterketa izateko, kirol aldetik zein antolakuntza aldetik pozik geratu zirela aitortu dute Tximista taldeko kideek, eta ondo ateratakoa ez aldatzea erabaki dute.
Aurreikusitako ibilbidea
Lasterketak edukiko duen aldaketa bakarra Ondarroako kaleetan zehar egin beharko den ibilbidea izango da. Unai Barrenetxea Ondarroako kirol zinego- tziak azaldu duenez, «iaz ezin izan zen nahi zen ibilbidea egin, egun horretan herrian Erdi Aroko jaia ospatzen zelako».
Aurten, baina, aurreikusitako ibilbidea egin ahal izango dela nabarmendu du Barrenetxeak: «Korrikalariak Itsasaurre plazatik aterako dira Alde Zaharrerantz, han Zubi Barria gurutzatuko dute, eta Nasa kaletik barrena joango dira Artabiderantz. Irteera neutralizatua izango da herriko kaleetatik zehar, baina Artabideko bihurgunera iristen diren momentuan, neutralizazioa amaitu egingo da».
Tximistako arduradunen nahia da Ondarru-Lekitto lasterketa «klasiko bat bihurtzea», eta horregatik eskerrak eman nahi izan dizkiete laguntzaile diren erakunde guztiei.
Lasterketa gogorra, baina aldi berean mendia eta itsasoa uztartzen dituena eta leku ederretatik igarotzen dena ere badela gogorarazi nahi izan dute; Berriatuko eta Mendexako lurretatik ere igaroko da. Proba korrikalarien egutegietan finkatzeko, ibilbide zehatz bat mantentzearen alde agertu dira.
Izena emateko epea irailaren 22ra arte zabalik dago. Internet bidez eman behar da izena, herrikrosa.eus atarian.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, neska zein mutiletan lehenengo hiru postuetan sailkatzen diren korrikalariek jasoko dituzte sariak. Bestalde, Lea-Artibai eskualdeko lehen hiru neskentzat eta lehen hiru mutilentzat ere sariak egongo dira.
Gainera, parte hartzaile guztien artean hainbat zozketa egingo dituzte, eta sari gehienak Lea-Artibai eskualdeko ekoizleen produktuez osatuta egongo dira.
Zerbitzuak
Kostaldeko lasterketa zirkulazioari guztiz itxitako tartean egingo dela esan dute, eta horrek daukan garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Bidean anoa postuak egongo dira, baina bakarrik likidoak eskainiko dira horietan. Jatekoa bakarrik Lekeitioko helmugan egongo da.
Horrez gain, autobus zerbitzua ere egongo da, iaz modura, bai eta kontsigna zerbitzua ere.
Lasterketaren inguruko zalantzak argitzeko, antolatzaileek kirola@tximista.net helbide elektronikoa jarri dute eskuragarri.