Barikuan hasita, Master Series jokatuko da Mutrikun
Finalerdiak barikuan jokatuko dira, eta finalak Malen Egunean. Nazioarteko puntistek parte hartuko dute. Joko bizkorra ikusi ahalko dela aurreratu duteJai Alai World Tour Master Series jokatuko da Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Finalerdiak barikuan j...
Finalerdiak barikuan jokatuko dira, eta finalak Malen Egunean. Nazioarteko puntistek parte hartuko dute. Joko bizkorra ikusi ahalko dela aurreratu dute
Jai Alai World Tour Master Series jokatuko da Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Finalerdiak barikuan jokatuko dira, eta finala Malen Egunean izango da.«Beste behin ere, Mutriku zesta-puntako txapelketa handienen zirkuituan sartu da», esan dute Gernika Jai Alaiko ordezkariek. Jokatuko duten puntistei dagokienez, guztiak internazionalak dira, eta aurreratu dutenez, Mutrikun «partidu gogorrak» ikusi ahalko dira.
Barikuan, esaterako, Diego Beaskoetxeak eta Unai Lekerikak osatutako bikotea Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabal bikotearen aurka ariko da lehenengo finalerdian. Xabi Barandikak eta Erik Irastorzak osatutako bikoteak eta Alex Hormaetxea eta Ekhi Martinez bikoteak jokatuko dute, berriz, bigarren finalerdia.
Antolatzaileek eta jokalariek gaineratu dutenez, faborito garbirik gabeko Master Series da Mutrikukoa. Ibon Aldazabalek partiduak «nahikoa orekatuak» izango direla esan du. «Nik neuk ere ez dut faborito garbirik ikusten; partidu gogorrak ikusi ahalko dira», esan du puntista berriatuarrak.
Partiduak 22:30ean hasiko direla iragarri dute. Malen Egunean, gainera, finala jokatzeaz gain, lagunarteko partidu bat ere jokatuko dela aurreratu dute: Arbe-Garitaren eta Beaskoetxea IV-Amigorenaren artekoa.
Aldazabalek agertu duenez, Miruaitz frontoia laburra da, eta joko bizkorra ikusi ahalko da. «Publikoa ere hurre sentitzen da. Mutrikun jokatzea berezia izaten da».
Herriarteko finalak
Mutrikuko Danok Bateko Itziar Letek herritarrak partiduak ikustera animatu nahi izan ditu. «Orain arte Malen Egunean egin izan da partidua. Aurten, baina, finalerdiak ere edukiko ditugu. Beraz, bateko eta besteko herritarrei Miruaitzera gerturatzeko gonbitea egiten diegu».
Master Series jokatzeaz gain, zapatuan Herriarteko finala jokatuko dute Mutrikuk eta Gernikak; 11:00etan hasita, kadete, gazte eta nagusien finalak jokatuko dira.