Barandika-Ekhi bikotea nagusitu da Grand Slam Txapelketaren lehen saioan
11-15 eta 10-15 garaitu dituzte Erkiaga eta Lekerika. Lehenengo jardunaldian Jai Alai frontoia bete dute zaleek. Lagunartekoan Aldazabal-Garitak irabazi diete Beaskoetxea VI-AmigorenariGrand Slam Txapelketaren lehenengo jardunaldian, Xabi Barandika ger...
11-15 eta 10-15 garaitu dituzte Erkiaga eta Lekerika. Lehenengo jardunaldian Jai Alai frontoia bete dute zaleek. Lagunartekoan Aldazabal-Garitak irabazi diete Beaskoetxea VI-Amigorenari
Grand Slam Txapelketaren lehenengo jardunaldian, Xabi Barandika gernikarrak eta Ekhi Martinez gasteiztarrak 11-15 eta 10-15 irabazi zieten Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Unai Lekerika gernikarrari, zapatu gauean.Harmailetan giro itzela egon zen, eta puntistek ikuskizun ederra eskaini zuten. Hiru urtez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kantxetan jokatu gabe egon ostean, Erkiagaren jokoa bertatik bertara ikusteko ikusmina zegoen, eta hura eta Leke ziren faboritoak. Baina Barandikak eta Ekhik ezustekoa emateko gai direla erakutsi zuten. Biak ala biak seguru aritu ziren hasieratik, eta gernikarrak ausart jokatu zuen, bikain errematatuz. Adituen iritziz, haren profesionaletako partidurik onena izan zen.
Lehen set-a berdindua izan zen 5-5 markagailura arte. Irabazleek hutsegite bat edo beste egin zuten arren, nagusi izan ziren. Bigarren set-ean bere jokoa egiten jarraitu zuten, eta Ekhi seguru aritu zen, pilota zailak eramanez. Besteak beste, Lekerikak horma-biko bi tanto lortu zituen, eta Erkiagak hainbat tanto egin zituen errebotez, baina erritmo falta igarri zitzaion, eta bere mailara ailegatzeko oraindik partiduak falta zaizkiola ikusi zen.
Txapelketako lehenengo partiduaren aurretik, baina, lagunarteko partiduagaz gozatu zuten Jai Alai frontoia bete zuten zaleek. Gonzalo Beaskoetxea VI-Amigorena eta Aimar Aldazabal-Garita bikoteen arteko norgehiagokan azken horiek nagusitu ziren (9-12 eta 7-12).
Zapatu gauean hasi zen Jai Alai frontoiak lehenengoz hartu duen txapelketa. Zapatu honetan eta hilaren 21ean jokatuko dituzte beste final laurdenak, eta finalerdiak uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean izango dira. Abuztuaren 12an lehiatuko dute final handia.
Barandikak eta Ekhik Beaskoetxea-Irastorza eta Hormaetxea-Aldazabal bikoteen arteko partiduaren irabazleen kontra jokatuko dute finalerdietan.
Grand Slam Txapelketa Jai Alai World Tourrerako puntuagarria da, eta Jai Alai eta Jai Alive enpresetatik launa bikotek parte hartuko dute. Kanporaketa sistema oinarri hartuta, jardunaldi bakoitzeko irabazleak pasatuko dira hurrengo fasera, eta galtzaileak, ostera, txapelketatik kanpo geratuko dira.
Txapelketak zesta eta musika uztartzen ditu, eta Lomoken Hoboken eta Twist! taldeak dira estreinaldiko gaua girotzeko ardura izan zutenak.
Bigarren jardunaldia
Zapatuan lehiatuko dute Grand Slam txapelketaren bigarren saioa. Alde batetik, Mikel Egiguren donostiarrak eta Nicolas Etcheto lapurtarrak Jon Zulaika donostiarraren eta Gotzon Enbil zumaiarraren kontra jokatuko dute. Beste alde batetik, Paueko Jean Olharan eta Zumaiako Imanol Lopez eta Donibane Garaziko Christophe Olha eta Hendaiako Txabi Inza puntisten lehiaz gozatuko dute Jai Alaira bertaratzen direnek.