Adin guztietako herritarrei zuzendutako hiru ibilbide osasuntsu aurkeztu dituzte
Osasun Sailagaz elkarlanean, Bermeoko Udalak herrian jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin du. Sedentarismoari aurre hartu gura diote, «gaixotasunak sortzen dituelako»Bermeoko Udalak herrian jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin du Eusko Jaur...
Osasun Sailagaz elkarlanean, Bermeoko Udalak herrian jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin du. Sedentarismoari aurre hartu gura diote, «gaixotasunak sortzen dituelako»
Bermeoko Udalak herrian jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailagaz elkarlanean. Plan horren baitako ekintza bat aurkeztu zuen barikuan, ibilbide osasuntsuei dagokiena, hain zuzen ere.Hiru ibilbide diseinatu dituzte: Lamera, Itsas-Gane eta Landabaso. Lamera ibilbidea 1,9 kilometrokoa da, eta 23 minutuan egin daitekeela azaldu dute. Itsas-Gane ibilbidea, berriz, 35 minutukoa da, 2,9 kilometro ditu. Hirugarren ibilbidea, Landabasokoa, luzeena da; 3,5 kilometro ditu, eta 42 minutuan egiteko modukoa da.
Hiru ibilbideetan seinaleak daude jarrita, eta zailtasunaren maila ere adierazten da horietan. Adin guztietako pertsonei zuzenduta daude, baina bereziki, kirol arloan mugak dituztenei begira egin dituztela diote, «adinagatik edota ezintasunen bat izateagatik».
Herri barrutik
Herrian bertan paseatzeko aukera ematen duten ibilbideak dira, malda txikikoak, eta jarduera fisiko baxua, baina jarraikorra bermatzen dute. Horregatik, diotenez, herritar gehienek jarduera fisikoa egiteko oinarrizko tresna modura erabili ditzakete.
«Sarri esaten da ibiltzea ona dela, baina horretarako ohiturarik ez daukanari animatzeko baliabideak eta aukerak eskaintzea beharrezkoa dela uste dugu», esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.
Ibilbide horiek jasotzen dituzten planoak ere egin dituzte, eta Turismo Bulegoan, Kirol Patronatuan eta Osasun Bulegoan aurki daitezke.
Sedentarismoari aurre hartu gura diote, «gaixotasunak sortzen» dituelako. «Jarduera fisikoa areagotuz, biztanleria aktiboagoa lortzen da, eta horrek, osasunean eragin positiboa dauka», gehitu du Bidegurenek.
Bermeon jarduera fisikoa sustatzeko plana, hala ere, epe luzerako plangintza bat dela azaldu dute, eta herriko arlo ezberdinetan eragina izango du: hirigintzan, azpiegituretan…
Guztira 30 ekimen zehaztu dituzte, eta horietako batzuk prest daude, Bermeoko Nordic Walking gunea sortzea edota BTT ibilbideen sarea egitea, besteak beste.