Sankristobalak ere joan dira
Barikuan hasi zituzten jaiak Busturian eta Gernika-Lumoko Agarre auzoan. Foruan, domekan eta atzo ospatu zituzten, eta Markina-Xemeingo Iturreta auzoan, berriz, egun bakarreko jaia izan zuten domekan.Jai batetik bestera dabiltza Lea-Artibai eta Busturi...
Barikuan hasi zituzten jaiak Busturian eta Gernika-Lumoko Agarre auzoan. Foruan, domekan eta atzo ospatu zituzten, eta Markina-Xemeingo Iturreta auzoan, berriz, egun bakarreko jaia izan zuten domekan.
Jai batetik bestera dabiltza Lea-Artibai eta Busturialdeko herritarrak. San Kristobal jaiak atzean utzi ostean, hurrengoen zain daude.Busturiarrentzako sankristobalak jai jandiak izaten dira. Barikuan jaiak hasi zituztenetik jarduera ugari eduki dituzte aukeran; pintxo lehiaketa, txokolate jana, danborrada, kontzertuak… Atzo, santuaren egunean, ohikoa duten auto apainduen erakusketa egin zuten. Hamar auto agertu ziren San Kristobal plazara. Epaimahaiaren arabera, Bermeoko Guberri izeneko autoa izan zen politena. Auto apainduen erakusketa hasi aurretik, Irrintzi Alai Dantza Taldeko dantzari txikienen emanaldia egon zen auzoko plazan.
Gernika-Lumoko Agarre auzoan ere barikuan hasi zituzten sankristobal jaiak, eta domekara bitartean jaietan murgilduta egon dira. Beste hainbat gauzaren artean, sukalki eta tortilla txapelketak eduki dituzte, eta lagun asko bildu dira asteburuan auzoan.
Foruarrek ere San Kristobal ospatu dute. Domekan, untxi zein txinbera txapelketak eduki zituzten aukeran, eta umeek ere jolasean ibili ahal izan zuten. Atzo, berriz, San Kristobal baselizaren inguruan bildu ziren, meza entzun, eta ostean, bakailaoa dastatzeko.
Mendexako gazteak nagusi
Markina-Xemeingo eta Etxebarriko bizilagun asko igo ziren herenegun, Iturretara, Kristobal Deunaren jaiak ospatzera. 10:30ean elkartu ziren batzuk Markina-Xemeingo Arkupean, jaietako mendi martxan parte hartu eta Iturretara oinez igotzeko. Bertan batu ziren zaldiaren eta Mendexako gazteen arteko norgehiagoka ikusteko. Zaldiak 58 untze 3/4 eta 5 metro egin zituen 20 minutuan. Denbora berbera eduki zuten Mendexako gazteek (Arrate, Gafitas, Asterrika eta Belaustei) butano bonbona bi, txingak balira bezala, txandaka eramateko. Lau mutilek 65 untza, 3 metro eta 70 zentimetro egin zituzten, norgehiagoka irabaziz.
Txapel jaurtiketa Xuban Idigoras etxebarritarrak irabazi zuen, eta txingak jaurtitzen, berriz, Juan Mari Mandiola eta Irma Etxeberriak osatutako bikotea izan zen irabazlea.
Arratsalderako idi probak zituen antolatuta Iturretako jai batzordeak, baina bertan behera utzi behar izan zituzten. Horren ordez, jai batzordekoek mus eta briska txapelketa antolatu zuen, bat-batean.