Goi-goitik ospatu dituzte Ondarroako Galizia Etxeak antolatutako Karmen jaiak
Asteburuko momentu hunkigarrienak 'queimada' prestatzean eta itsasoan zendutako arrantzaleei omenaldia egin zietenean ailegatu ziren; lore eskaintza egin zieten Ondarroako badianGoi-goitik ospatu dituzte asteburuan Galizia Etxeak antolatutako Karmen ja...
Asteburuko momentu hunkigarrienak ‘queimada’ prestatzean eta itsasoan zendutako arrantzaleei omenaldia egin zietenean ailegatu ziren; lore eskaintza egin zieten Ondarroako badian
Goi-goitik ospatu dituzte asteburuan Galizia Etxeak antolatutako Karmen jaiak. Bariku goizean hasi eta domeka iluntzera arte, festak ez zuen etenik izan Ondarroako Itsasaurre plazan.Galizia Etxeko kideek adin guztietarako ekintzak antolatu zituzten, eta euren esanetan, «girorik ez da falta izan, urtero legez, ez egunez ezta gauez ere».
Zapatu goizean hasi ziren Galiziako produktuen salmentagaz, eta asteburu guztian bertako ohiturak gogora ekarri dituzte hainbat ekintzaren bitartez: dantzak, gaiteroak, queimada… Bariku iluntzean euriak jaia zertxobait zapuztu bazuen ere, antolatzaileek egitarauagaz aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten, eta ekintza guztiak aurrera eraman zituzten.
Asteburuko momentu hunkigarrienak queimada prestatzerakoan eta itsasoan zendutako arrantzaleei omenaldia egin zietenean izan ziren. Zapatuan 22:30ak aldera hasi ziren queimada prestatzen, eta jende ugari hurbildu zen prestaketa eta bere inguruko erritua ikustera; zorte ona eta oparotasuna eskatu zituzten.
Domeka goizean, Karmengo ama birjinaren omenezko meza ospatu zuten parrokian, eta Alde Zaharreraino prozesioan joan ondoren, lore eskaintza egin zieten itsasoan hildako marinel guztiei Ondarroako badian. Ondoren, Ondarroako Galizia Etxeak elkartean hainbeste urte lanean ari diren eta jaia aurrera eramateko hain garrantzitsuak diren emakumeei lore sorta bana oparitu zieten.